Urmendi 0-3 Bizirik plataformako guraso, hezkuntza komunitateko langileek eta herritar talde batek aste honetan publikoki salatu dute Oiartzungo haurreskolaren proiektua desagertzeko arriskuan dagoela. Kezka Jaurlaritzak Udalari Urmendi Haurrreskolak Partzuergoan integratzeko egindako eskaintzaren ondotik dator. Plataforma hau ez dago integrazioaren alde, ezta udal Gobernu taldea ere.
Plataformatik kritikatu dute gaur egungo testuinguruan helduen interes politiko eta instituzionalak nagusitzen direla, haurren ongizatearen gainetik. Haien esanetan, azken asteetan egindako mobilizazio eta eskaerek ez dute behar bezalako erantzunik jaso, bereziki Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren aldetik. Zehazki, sailaren gidaritzari zuzendu diote interpelazioa, oiartzuarren eskaerei erantzun eza leporatuz.
30 urtetako ibilbidea
Gogorazi dutenez, eztabaidaren erdigunean Urmendi izeneko proiektu pedagogikoa dago. Herrian hiru hamarkadaz garatu den ekimen hau eredutzat jo dute sustatzaileek, batez ere 0-3 zikloan egindako lanagatik. Salatu dutenez, proiektu hori desagertzeko arriskuan dago, eta horrek kolokan jarriko luke urteetan egindako ibilbidea.
Gurasoen arabera, haur txikienen garapenari arreta berezia eskaintzen dion etapa horretan egindako ahalegina “funtsezkoa” izan da, eta azpimarratu dute profesionalen talde egonkor eta konprometitu baten lanari esker mantendu dela.
Plataformako kideek bere aldarrikapenean nabarmendu dute Urmendik herrian izan duen eragina. Kalkuluen arabera, 3.500 herritar baino gehiago igaro dira proiektu horretatik, hau da, egungo biztanleriaren zati esanguratsu bat. Horregatik, ekimenak herriaren garapenean izan duen pisua azpimarratu dute, hezkuntza eskaintza hutsetik harago, komunitatearen kohesioan ere eragin duelakoan.
Azken asteotan izandako adierazpen eta jarreren harira, kritikak ere zabaldu dituzte proiektuaren amaieraren aurrean jarrera epela edo aldekoa agertu dutenengana. Esaterako herriko EAJ taldeak. Jeltzaleek azpimarratu dutenez, Eusko Jaurlaritzako sarean dauden haurreskolek doako zerbitzua eskaintzen dute.
Alabaina, plataformaren ustez, ulertezina da hezkuntza eredu integral baten desagerpenak erreakzio sendoagoa ez eragitea.
Eusko Jaurlaritzari ekarpenak entzuteko eskaera
Testuinguru horretan, plataformak dei egin dio Eusko Jaurlaritzari “arduraz eta erantzukizunez” jokatzeko. Eskatu dute entzun ditzala bai herritarren ahotsak bai hezkuntza komunitatearen ekarpenak, eta benetan lehenetsi ditzala haurren beharrak politika publikoetan. Haien iritziz, etorkizuneko gizartea eraikitzeko giltza orainean hartzen diren erabakietan dago, eta horregatik ezinbestekoa da haurren ongizatea lehentasun bihurtzea.
Azkenik, adierazi dute ikuspegi pedagogiko zabalago batek ere norabide berean egiten duela, alegia, haurrak politiken erdigunean jartzea dela gizarte justuago eta bizigarriago bat eraikitzeko bidea. Oiartzunen piztutako eztabaidak, beraz, tokiko gatazka zehatz batetik harago, hezkuntza ereduaren eta lehentasun politikoen inguruko eztabaida zabalago bati heldu dio.