Gipuzkoa

Oiartzunen trantsizio ekosozialerako bide-orria aurkeztu dute hamar eragilek

Dekalogoaren sinatzaileek Aiako Harriko Repsolen proiektu eolikoekiko mesfidantza agertu dute
Dekalogoaren sinatzaileak Arditurrin. / N.G.

Herriko hamar eragilek Aroa dekalogoa adostu eta aurkeztu dute, klima larrialdiari eta egungo sistema ekonomikoaren eta energetikoaren mugei eta kalteei aurre egiteko Oiartzunek trantsizio ekosozialari heldu behar diola sinetsita. Horretarako oinarrien eta erronken dekalogoa da Aroa, “etorkizuneko Oiartzun eraikitzeko bide-orria, aro berri baterako iparrorratza”, sinatzaileen hitzetan.

Elika kooperatiba, Arraztalo kontsumo taldea, Girizia elkartea, Labore elikadura denda, Biyurrienea gazte taldea, Elizalde herri eskolako guraso elkartea, Haurtzaro ikastola, Argitturri energia komunitatea, Oiartzun Burujabe eta Udala dira sinatzaile horiek.

Dekalogoa babestu duten eragileen ustez, bide horretan, Oiartzunek baditu jada hainbat oinarri sendo: naturaren babeserako neurriak, uraren kudeaketa propioa, birziklapen tasa handiak, burujabetza mahai sektorialak, bertako nekazaritza eta abeltzaintza bultzatzeko estrategia, eta energia berriztagarrien lehen esperientziak.

Aitzitik, baditu erronka potoloak ere: autoaren erabilera handia, merkataritza gainazal globalizatu eta handiekiko mendekotasuna, kontsumo eredu jasanezina eta energia iturri nagusia erregai fosilena izatea.

Hamar oinarri

Horiek horrela, Oiartzun bizigarriagoa eta jasangarriagoa eraikitzeko hamar oinarri ezarri dituzte: energia berriztagarriak, garraio jasangarria, kontsumoa gutxitzea, tokiko ekoizleak eta ekoizpena, merkataritza txikia, burujabetza, zaintza, komunitatea, aukera berdintasuna eta erresilientzia.

Energia berriztagarriei lotuta, azpimarratu nahi izan dute eztabaida ez dela energia berriztagarriak behar ote diren, nola antolatu behar diren baizik. Sinatzaileen hitzetan, plangintza oso bat egin behar da, energiaren sorrera irabazi asmorik gabeko erakundeetara eta entitate publikoetara pasatzeko eta banaketa justuago bat bermatzeko.

Energia horrek tokiko komunitatearen kontrolpean egon behar duela eta naturarekiko errespetuz jokatuta lortu behar dela adierazi dute. “Horregatik, Aiako Harria inguruko Repsolen proiektu eolikoekiko (Domiko eta Erreka) mesfidantza adierazten dugu, ingurumenari eta herritarren interesei kalte egin diezaieketelakoan. Era berean, gaur egun eskualdean aztertzen ari diren proiektu eolikoen aurrean lanketa amankomuna egitearen beharra azpimarratzen dugu”.

Aroa dekalogora hala nahi duen eragile, erakunde edo norbanako oro batu daiteke. Irakurgai dekalogoa eta eskuragarri atxikimendua emateko inprimakia oiartzunburujabe.eus webgunetik egin daiteke.

Datozen hilabeteetan bi hitzaldi antolatu nahi dituztela, “gaia presente egon eta hausnarketarako motibo izan dadin”. Aurrerago emango da xehetasunen berri.

Etiquetas
30/10/2026