Mutrikuko Udalak Liburu Hilabetea indartu du aurten, ohi baino egitarau zabalagoa eskainiz.
Apirilaren 16tik 30era bitartean egingo diren jardueren artean, literaturarekin lotutako ohiko hitzorduez gain, hiru idazleren bisitak, erakusketa bat eta musika emanaldi bat nabarmenduko dira.
Karteletrak
Egitarauaren ardatz nagusietako bat “Karteletrak” erakusketa izango da, apirilaren 16tik 30era Zabiel kultur etxean ikusgai egongo dena.
Irekiera ekitaldia apirilaren 16an egingo da, 18.00etan, Joseba Sarrionandia idazlearen eskutik; izan ere, berak paper garrantzitsua izan du erakusketaren antolaketan eta koordinazioan.
Markos Gimeno
Erakusketak Markos Gimeno (Ermua, 1974 – Eibar, 2018) sortzailearen palindromoak biltzen ditu, baita horiek ilustratzeko hainbat artistak egindako kartelak ere.
Palindromoak bi noranzkoetan berdin irakurtzen diren hitz edo esaldiak dira, eta Gimenok aparteko gaitasuna zuen halakoak sortzeko.
Sarrionandiak berak “Markos Gimenoren 101 letrakartel” liburua ere argitaratu zuen, egilearen lana zabaldu eta balioan jarriz.
Erakusketa apirilaren 30era arte egongo da irekita. Astean zehar 11.00etik 13.00etara eta 18.00etik 20.00etara eta asteburuetan 12.00etik 14.00etara.
Mursego
Erakusketarekin lotuta, apirilaren 24an, 19.00etan, Mursegok “Sukramarkus: Markos Gimenoren palindromoen berrirakurketa librea” kontzertua eskainiko du Zabiel kultur etxean.
Literaturaren, ikus-arteen eta musikaren arteko fusioa proposatzen duen emanaldia izango da, eta sarrerak 3 eurotan eskuratu ahal izango dira www.mutriku.eus webgunean edo Turismo bulegoan, apirilaren 14tik aurrera.
Onintza Enbeita
Bestalde, apirilaren 18an, Merkatu Txikiarekin batera, Onintza Enbeita izango da Mutrikun, “Bizitza baten txatalak” liburua aurkezten, 12.30ean Beheko plazan.
Lan honetan Feli Madariagaren bizitza kontatzen da, baserriari eta lurrari estuki lotutako emakume baten testigantza jasoz, desagertzear dagoen bizimodu baten lekukotasun gisa.
Liburuaren Nazioarteko Eguna
Apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Egunean, haurrei zuzendutako “Habiko ipuinak” saio musikatua izango da liburutegian, Amaia Elizagoien kontalariaren eta Itziar Olague musikariaren eskutik.
Hilabeteko egitaraua borobiltzeko, apirilaren 28an, 18.00etatik aurrera, Katixa Agirre idazlea izango da liburutegian “Barne Zerbitzuak” bere azken nobela aurkezten.
Lanak 1937-1943 urteetako garai latzetara eramaten du irakurlea, eta “Araba sarea” izeneko espioitza sarean aritutako emakume ausarten istorioa kontatzen du, beren bizia arriskuan jarriz beste askorenak salbatu zituztenen kontakizuna eskainiz.
Aurkezpenaren ondoren, IX. Ziriako Andonegi Mikroipuin Lehiaketako sariak banatuko dira.
Zozketa liburutegian
Horrez gain, apirilaren 1etik 29ra bitartean liburutegiko erabiltzaileen artean zozketa bat egingo da.
Zozketa apirilaren 30ean, 17.30ean, izango da liburutegian bertan, eta sariak honela banatuko dira: 0-6 urte bitartekoentzat liburu sorta bat, 7-12 urte bitartekoentzat beste liburu sorta bat, 13-25 urte bitartekoentzat tablet bat eta 26 urtetik gorakoentzat e-reader bat.