Gipuzkoa

Mugaren bi aldeetako errugbia, eskuz esku

Txingudi Rugby Klubak eta Saint-Jean-de-Luz Olympiquek haien arteko elkarlana indartzeko hitzarmena sinatu dute aste honetan.
Txingudi Rugby Klubaren eta Donibane Lohizuneko Saint-Jean-de-Luz Olympiquen ordezkariak / N.G.

Txingudi Rugby Klubak eta Donibane Lohizuneko Saint-Jean-de-Luz Olympique taldeak lankidetza hitzarmena sinatu dute, Iparraldeko klubaren Kechiloa estadioan. 'Eskuz esku' izena duen proiektuaren bidez, bi erakundeek mugaz gaindiko elkarlana egituratu eta indartu nahi dute, hezkuntza, kultura eta errugbia ulertzeko modu partekatuan oinarrituta.

Akordioak hiru ardatz nagusi ditu: euskararen erabilera sustatzea, errugbiaren balio amankomunak lantzea eta klubek beren eskualdeetako gazteengan duten eragin soziala indartzea. Helburua da kirolaz harago doan lankidetza garatzea, bi kluben harrobietako jokalariei eta teknikariei formazio aukera zabalagoak eskainiz.

Honen bidez, bi taldeek azken urteetan izan dituzten loturak sendotu eta garatu nahi dituzte, bi klubetako jokalari gazteei mugaren bi aldeetako errugbia ezagutzeko aukera emanez. Iñigo Aizpurua Txingudi Rugby Klubaren lehendakariordeak azaldu duenez “ekintza ezberdinak eraman ditugu aurrera azken denboraldietan Iparraldeko errugbiaren kultura bertatik bertara ezagutzeko eta Donibane-Lohizuneko taldeak laguntzeko prest izan ditugu beti. Sinatutako akordioarekin, elkarlan horretan sakonduko dugu, formakuntza proiektu bateratua bultzatuz, ekitaldiak elkarrekin antolatuz eta bi kluben harrobietako jokalari eta teknikariei gehiago eta hobeto trebatzeko aukerak emanez”.

Bi taldeetako ordezkariek hitzarmena “historikotzat” jo dute eta beste kirol-eragileentzako erreferentzia izan dadin espero dute.

Beste hitzarmen Biarritz Olympiquerekin

Saint-Jean-de-Luz Olympiquerekin adostutakoa ez da Txingudi Rugby Klubak azken egunetan bultzatu duen lankidetza bakarra. Biarritz Olympiquerekin ere beste hitzarmen bat ere sinatu du.

Akordio horren bidez, bi klubetako 16 urtez azpiko taldeek hilean behin entrenamendu bateratuak egingo dituzte Miarritzen, jokalarien elkartrukea ahalbidetuko da eta etorkizunean beste arlo batzuetan elkarlana garatzeko aukera irekiko da.

Horrez gain, emakumezkoen errugbia sustatu eta garatzeko lanean jarraitzen dute Txingudi Rugby Klubak eta Stade Hendayaisek. Denboraldi honetan, Hendaiako senior mailako jokalariek Biok Txingudirekin Euskal Ligan jokatzeko aukera izango dute; aldi berean, Irun eta Hondarribiako sub-18 taldeek Akitania Berriko ligan lehiatuko dira, Hendaiako taldeek osatutako Entente de la Nivelle proiektuaren barruan.

16/01/2026