Bizkaia

Mozorro lehiaketa antolatu dute Ondarroan

Lehiaketa, sare sozialen bitartez egingo da inauterietako zapatutik martitzenera bitartean
Argazkiak 2026ko Ondarroako inauterietan ateratakoak izan beharko dira / Ondarroako Udala

Ondarroako Udalaren kultura sailak mozorro lehiaketa antolatu du inauterietarako. Lehiaketa, sare sozialen bitartez egingo da, giroa berotzeko, inauterietako zapatutik martitzenera bitartean.

Horretarako, parte hartu nahi dutenek argazki bat atara beharko dute eta komunikazioa@ondarroa.eus posta elektronikora bidali. Ondoren Udalaren Facebook eta Instagram kontuetan atsegin dut gehien dituzten argazkiek saria jasoko dute; 150 euro banakako argazkiak eta 300 euro taldekakoak. Parte hartzeko ezinbestekoa izango da adin nagusikoa izatea. Irabazlea nortzuk izan diren eguaztenean, hau da, otsailaren 18an emango da jakitera.

Oinarrietan agertzen den bezala argazkiak 2026ko Ondarroako inauterietan ateratakoak izan beharko dira eta mozorroen argazkiak, banaka edota taldeka, bidali behar dituzte. Hauek bidaltzeko epearen hasiera otsailaren 14, larunbata, goizeko 11.00etan izango da, eta amaiera otsailaren 17, asteartea, gaueko 22.00ak arte egongo da zabalik. Argazkiarekin batera bidaltzailearen izena eta abizena eta kontaktua ere bidali beharko da.

Kultura sailetik zehaztu dute herritarrek geroz eta gehiago erabiltzen dituztela sare sozialak, eta beraien bitartez giroa berotzeko asmoagaz antolatu dela lehiaketa formatu horretan. Arduradunek azaldu dutenez “azken urteetan ohiko formatua indarra galtzen joan da, baina uste dugu bide hau egokia izan daitekeela jendea animatzeko eta saltsa apur bat ipintzeko inauteriei”.

06/02/2026