Gipuzkoa

Mendaro prest Motxaila asteburua ospatzeko

Bertsoak, mendi-irteera, bazkaria eta kontzertuak izango dira Motxaila Elkarteak hurrengo egunetarako antolatuta duen egitarauan
Musika, poesia eta bestelako saioekin gozatzeko aukera izango dute Aitzbeltz kobazuloan elkartuko direnek. / Aitor Zabala

Motxaila asteburua heltzear da Mendarora.

Ostiraletik aurrera, Motxaila Elkarteak Mendaroko Udalaren laguntzarekin antolatzen duen egitarau zabalarekin gozatzeko aukera izango da.

Bertsolariak

Ostiralean, Zerua, motxailen aterpe bertso-saioa egingo dute San Agustin kulturgunean, 22.00etan hasita.

Oholtzan ariko dira Andoni Egaña, Alaia Martin, Amets Arzallus eta Julio Soto bertsolariak, eta gai-jartzaile lanetan Motxaila Elkarteko Xeber Loiola arituko da.

Saioan parte hartuko dute, halaber, herriko bertso eskolako gaztetxoek.

Aitzbeltz kobazuloa

Motxaila Eguna bera, berriz, larunbatean ospatuko dute.

Eguna Aitzbeltz kobazulora egingo duten mendi-irteerarekin hasiko dute. 09.00etan elkartuko dira Gaztetxe aurrean, eta oinez igoko dira kobara. 11.00ak aldera hasiko dituzte goiko ekitaldiak: ipuin kontalariak, poesia emanaldia eta bestelako ekintzak izango dira.

Bazkari herrikoia eta musika

Ondoren, Gaztetxean bazkalduko dute aurrez txartela erosi dutenek.

Txartelak Uztargi tabernan daude salgai, 12 euroan, eta menditik jaitsitakoek frontoiko dutxak eta aldagelak erabiltzeko aukera izango dute.

Bazkalostean bertso-saioa egingo dute Elixabet Etxandi, Txaber Altube eta Aitor Tatiegiren parte-hartzearekin; ondoren, 18:30 aldera, kalejira egingo dute Xaukena elektrotxarangarekin.

Eguna kontzertuekin amaituko da Gaztetxean, 22.30etik aurrera: Aramu eta Inguma taldeak igoko dira oholtzara.

12/03/2026