Bizkaia

Martxan Ondarroan kontsumitzeko bonu kanpaina berria

Lehen urrats gisa, merkataritza-establezimenduek irailaren 25era arteko epea dute tokiko kontsumo arduratsua eta tokiko ekonomia dinamizatzea helburu duen ekimen honetan izena emateko
Ondarroan bertan kontsumitzera animatzeko eta tokiko establezimenduen jarduera bultzatzea da helburua / Ondarroako Udala

Tokiko merkataritza babestu eta herriko ekonomia biziberritzeko helburuz, Ondarroako Udalak eta Zatozte Dendari eta Ostalarien Elkarteak martxan jarri dute Ondarroako bonu kanpaina. Urtero legez, bi erakundeen arteko elkarlanari esker gauzatuko da ekimena, herritarrak Ondarroan bertan kontsumitzera animatzeko eta tokiko establezimenduen jarduera bultzatzeko asmoz.

Sustapen kanpaina herritarrei zabaldu aurretik, herriko denda eta tabernek izena emateko epea ireki da lehen urrats gisa. Parte hartu nahi duten merkataritza-establezimenduek datorren irailaren 25era arte daukate atxikipen eskaera bideratzeko epea. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, ekimen honek "herriko merkataritzari bultzada bat ematea eta herritarrak Ondarroan bertan kontsumitzera animatzea" du xede nagusi, tokiko negozioen orainaldia eta etorkizuna sendotuz.

Atxikipen epea amaitu ondoren, antolatzaileek bonuen inguruko xehetasun guztiak jakinaraziko dizkiete herritarrei. Hain zuzen ere, kanpaina orokorra hasi baino egun bat lehenago emango da argitara herritarrek txartelak eskuratzeko eta erabiltzeko jarraitu beharreko prozedura. Momentu horretan zehaztuko dira, halaber, zirkulazioan jarriko den bonu kopurua, erabilera-baldintzak eta dagozkion gainerako ezaugarriak.

Ondarroako Udalak zein Zatozte elkarteak dei egin diete herriko saltoki eta ostalaritza gune guztiei ekimenera batzeko, tokiko txikizkako merkataritzaren aldeko apustu kolektiboa berretsiz.

21/09/2026