Bizkaia

Markina-Xemeinek maiatzaren 9an ospatuko du Baserri Eguna

Izena emateko epea zabalik dago martxoaren 16tik 27ra, eta aurrez aurre edo posta elektronikoz egin ahalko da
Herriko animaliek lehentasuna izango dute erakusketan / Markina-Xemeingo Udala

Datorren maiatzaren 9an Baserri Egunaren edizio berri bat ospatuko da Markina-Xemeinen. Udalak antolatu du lehen sektoreak eskualdeko ekonomian eta ingurumenean duen garrantzia azpimarratzeko asmoz. Horretarako, bertan parte hartu nahi dutenentzat izen ematea zabaldu da.

Udalak guztira 18 postu jarriko ditu ekoizleen eskura, eta bertan produktu propioen salmenta soilik onartuko da, birsalmenta erabat debekatuta egonik.

Abeltzaintzari dagokionez, herriko animaliek lehentasuna izango dute erakusketan, eta jabeek dietak jasoko dituzte gastuei aurre egiteko, hala nola 85 euro zaldi bakoitzeko edo 120 eta 150 euro artean ardi zein ahuntz lote bakoitzeko. Segurtasuna bermatzeko, zaldi, behi eta idi guztiek lotuta egon beharko dute nahitaez.

Bestalde, postuak esleitzerakoan, Udalak hainbat irizpide balioztatuko ditu: puntuazio altuagoa jasoko dute baserritar profesionalek (ATP), emakumezko titularrek eta ibilgailu elektrikoak erabiltzen dituztenek. Horrez gain, ekoizleek euskararen erabilera bermatu beharko dute euren kartel eta komunikazioetan. Azkenik, gogorarazi dute saltzaileek higiene arau zorrotzak bete beharko dituztela eta postua zein ingurua egoera ezin hobean utzi beharko dutela jardunaldia amaitzean.

Azoka 10.00etatik 14.00etara bitartean egingo da, eta ekoizleen zein kontsumitzaileen arteko zuzeneko topagunea izatea du helburu. Parte hartu nahi duten abeltzain eta ekoizleek martxoaren 16tik 27ra bitartean aurkeztu beharko dituzte eskariak, Lea Artibaiko Landagarapeneko bulegoan edo imendizabal@leartibaifundazioa.eus helbide elektronikoan eskaerak aurkeztuz.

16/03/2026