Gipuzkoa

Makina bat ekitaldi Urolako Trenaren mendeurrenean

Larunbatean eta igandean kirol ekitaldiak eta kontzertuak izango dira Zumarragan eta Azpeitian
Urolako Trena, atzean Izarraitz duela. / Sabino Legarda-Ereño.

Igandean Urolako Trenaren inaugurazioaren mendeurrena izango da. Hori dela eta, hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Ostegunean, 18.00etan, Juanjo Olaizolak trenari buruzko hitzaldia egingo du Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Ondoren, 19.00etan, Gure Trenak 100 urte argazki erakusketa irekiko dute toki berean.

Erakusketa martxoaren 7ra arte egongo da zabalik: astelehenetik ostiralera 9.30etik 13.30era eta 15.00etatik 21.00etara eta larunbatetan 10.00etatik 13.30era.

Igandean, berriz, Urolako Trena maratoi erdia egingo dute, Zumarragako geltokitik Azpeitikora. Horren inguruan hainbat ekitaldi antolatu dituzte astebururako.

Larunbatean, 9.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 21.00etara, dortsal banaketa egingo dute Zumarragako azokan. 11.00etan entrenamendu arina egingo dute Areizaga-Kalebarren plazan, Otso Kenya taldekoekin batera.

17.00etan lasterketa solidarioa egingo dute Zumarragako geltokitik Urretxukora (kilometro bat). Izen-ematea doan izango da, baina parte hartzaileei (bai haurrei eta bai helduei) korrika egiteko arropa emateko eskatu diete (kamiseta teknikoak, praka motzak, galtzerdiak eta zapatilak). Arropa Kenyara bidaliko dute.

Izen-ematea 16.00etatik 16.30era izango da. 17.00etan benjamin mailakoen proba hasiko da (2016an eta 2017an jaioak), 17.10ean kimuak (2014-2015), 17.20ean haur mailakoak (2012-2013), 17.30ean familiak eta helduak (2018an edo ondoren jaioak eta 2011 edo lehenago jaioak).

Ondoren, hiru ekitaldi egingo dituzte Zumarragako plazan: 18.00etan Imuntzo eta Belokiren kontzertua, 19.00etan lasterketaren aurkezpena eta 20.00etan Muxutruk erromeria taldearen kontzertua. Imuntzok eta Epelarrek Urolako Trena abestia jo zuten 1988ko Euskal Herriko Trikitixa Txapelketan eta larunbatean ere entzun ahal izango da, noski.

Igandean maratoi erdia egingo dute. 9.00etatik 10.00etara dortsalak banatuko dituzte Zumarragako plazan, 11.00etan maratoi erdiari hasiera emango zaio, 14.00etan sari banaketa ekitaldia egingo dute Azpeitiko plazan, 14.30ean korrikalariek eta boluntarioek bazkaria egingo dute (aurrez tiketa hartuta), 15.30etik 17.00etara Skapaie elektrotxarangak joko du eta 17.00etatik 19.00etara DJ Maikiño legazpiarrak bertan bildutakoak dantzan jarriko ditu.

Maratoi erdiari dagokionez, Urolako Trenaren ibilbidean egingo dute, egun bidegorria dena. Lehen edizioan maratoi erdia egingo dute, baina 2027tik aurrera (Gipuzkoako Foru Aldundiak bidegorria Zumaiaraino luzatzen dutenean) maratoia egiteko asmoa dute.

Lehen edizio honetako parte hartzaileen artean Behobia-Donostia hirutan irabazi duen Chakib Lachgar izango da. Zortzi kenyarrek ere parte hartuko dute. Parte hartzaileek beraien markak hausteko aukera izango dute. Izan ere, ibilbidea oso aproposa izango da horretarako: ia une oro aldapan behera, baina aldapa biguna eta erregularra. Antolatzaileek munduko errekorra hautsi daitekeela uste dute (nahiz eta marka ez den homologagarria izango, aldapa behera delako).

18/02/2026