Lesoinu ziklo pedagogiko musikalak 40. edizioa beteko du aurten Lezon, eta egitarau berezia prestatu dute antolatzaileek. Emakume sortzaile eta konpositoreen presentzia nabarmenarekin eta Tomas Garbizuren obra ezezagunak berreskuratzen dituen disko baten aurkezpenarekin, aurtengo proposamenak izaera ospakizunezkoa eta erreibindikatzailea izango du. Zikloa otsailaren 27an hasiko da eta maiatzaren 9an amaitu, guztira 15 ekitaldirekin, Lezoko hainbat gunetan.
Hiru asteburuz mota askotariko ekintzak antolatu dituzte: kontzertuak, haurrentzako zein helduentzako ipuin-kontaketa musikatuak, kalejirak eta saio didaktikoak, besteak beste. Egitarau osoa Lezoko Udalaren webgunean kontsulta daiteke.
Garbizu, mila ertzetatik
Arestian aipatu bezala XL. edizioa ospatzeko, Tomas Garbizuren musikaren mila ertz izeneko diskoa kaleratuko dute. Lan horrek Garbizuren errepertorioko pieza gutxi ezagunak edota orain arte inoiz aurkeztu gabekoak biltzen ditu. Diskoan parte hartu duten musikari gehienak lezoarrak edo herriarekin lotura estua duten sortzaileak dira.
Lesoinu 2026ko egitaraua.
Diskoaren aurkezpena martxoaren 1ean egingo dute, 12.30ean, Gezala Auditoriumean. Sarrera doakoa izango da aretoa bete arte. Lezoko alkateak, Mikel Arrutik, herritarrak gonbidatu ditu “disko formatuan jaso den herriko ondarea” ezagutzera eta balioan jartzera.
Emakumeen ahotsa erdigunean
Aurtengo edizioak, gainera, emakume sortzaile, musikari eta konpositoreei presentzia nabarmena emango die. Xanti Espinak, Tomas Garbizu musika eskolako zuzendariak, aurkezpenean azaldu zuenez, “edizio hau martxoaren 8aren inguruan izango denez, emakumeei garrantzi berezia eman nahi izan diegu, musikaren munduan egin duten eta egiten duten lana balioan jarriz”.
Zikloa otsailaren 27an abiatuko da, Itxaso Aristizabal piano jotzailearen kontzertuarekin, Valentín Larrearen errepertorioan oinarrituta, Gezala Auditoriumean. Aristizabalek euskal konpositoreen lana ikertu, transkribatu eta interpretatzen jardun du azken urteotan, eta bereziki sakondu du Larrearen obran 2019az geroztik.
Emakume konpositoreen lanak ere izango dira entzungai martxoaren 15ean. Orduan, Adelaida bikoteak —Alemania eta Kroaziaren arteko proiektua— akordeoia eta txeloa uztartuko dituen nazioarteko emanaldia eskainiko du. Interpretatuko dituzten obra guztien egileak emakumeak dira, eta Trazos de Mujer programaren bidez, historian merezi adinako aitortzarik jaso ez duten konpositoreen lanak berreskuratu eta balioan jartzea dute helburu.
Antolatzaileek azpimarratu zuten egitaraua adin guztietarako pentsatua dagoela eta ekitaldi guztiak doakoak izango direla. Lesoinuren 40. edizioak, beraz, musika ondarearen transmisioa, sorkuntza garaikidea eta ikuspegi parekidea uztartuko ditu, Lezo kultur erreferente gisa sendotzen jarraitzeko asmoz.