Gipuzkoa

Lezo gorriz jantziko da indarkeria matxistaren aurkako aldarrikapena kalera aterako

Azaroaren 25ean elkarretaratzea eta ekitaldia egingo dituzte Gurutze Santuaren plazan, 19:00etan
A25 egitarauaren aurkezpena. / N.G.

Lezok indarkeria matxistaren aurkako borroka izango du hizpide datozen egunetan, azaroaren 25aren harira antolatutako egitarauaren bidez. Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, herriko mugimendu feministak, hainbat eragilek eta Lezoko Udalak bat egin dute hausnarketa, kontzientziazioa eta aldarrikapena sustatzeko hainbat ekimen antolatzeko.

Urtero bezala, aldarrikapenak herriko kaleetara eramateko, azaroaren 23tik 29ra zapata gorriak jarriko dituzte merkataritza establezimenduetan. Herritarrei ere balkoi eta leihoetan zapi gorriak zintzilikatzeko eskatu diete, indarkeria matxistaren aurkako jarrera agerian uzteko.

Azaroaren 25ean izango da egitarauko hitzordu nagusia: elkarretaratzea eta ekitaldia egingo dituzte Gurutze Santuaren plazan, 19:00etan. Antolatzaileek zapi gorria jantzita joateko gonbita egin diete herritarrei.

Egitarauak beste bi proposamen ere jasotzen ditu. Azaroaren 26an, 18:30ean, Indarkeria matxista eta adineko emakumeak hitzaldia eskainiko dute Kultura Aretoan. Azaroaren 29an, berriz, Melon Pelado antzezlana taularatuko dute Gezala auditoriumean, 19:30ean.

Gazte eta haurren artean ere, sentsibilizazioa

Bestalde, azaroan zehar indarkeria matxistaren inguruko sentsibilizazio kanpainak egiten ari dira haur eta gazteekin, Lezoko Emakume Taldearekin elkarlanean. Ekimenak herriko hainbat gunetan garatzen ari dira: Ludotekan, Kuadrillategin eta Faktorian.

Miren Ormazabal zinegotziak herritarrei eskatu die azaroaren 25eko aldarrikapenekin bat egiteko, antolatutako jardueretan parte hartzeko eta elkarretaratzera joateko. "Berdintasuna denon ardura da, Lezon ere argi utziko dugu indarkeria matxistak ez duela lekurik gure kale, etxe edota harremanetan", adierazi du. Era berean, egitaraua antolatzen lagundu duten eragile guztien lana eskertu du.

Antolatzaileek ere herritar guztiei egin diete parte hartzeko deia. Nabarmendu dutenez, indarkeria matxistaren aurkako borroka gizarte osoaren ardura da, eta arazoa agerian jartzea eta gaitzestea ezinbestekoak dira. Ildo horretan, gogorarazi dute 2025ean indarkeria matxistari aurre egiteko 26 laguntza eskaera izan zirela Lezon. "Ez dugu isilik geratu nahi, bete ditzagun gure kaleak, balkoiak eta ahotsak elkartasunez", adierazi dute.

24/11/2026