Joan den uztailean, Lea Ibarrako Herri Lagunkoia taldeak bere jarduerari ekin zion berriro, dinamika parte-hartzailea berreskuratzeko asmoz. Taldea hilero biltzen da Gizaburuagan, eta eskualdeko hainbat erronka nagusi identifikatzen eta bi ildo estrategiko lantzen jarraitzen du: osasun-zerbitzuekiko kezka eta Leako ibilbidearen egoera.
Aipatzekoa da Lea Ibarrako biztanleriaren % 22 baino gehiago nagusiek osatzen dutela, eta horregatik jarri zen abian Lea Ibarra Herri Lagunkoia proiektua. Diagnostikoa osatzeko Amoroto, Aulesti, Munitibar, Gizaburuaga eta Mendexako 103 pertsonak hartu zuten parte.
Prozesu horretan, guztira, 390 aldagai aztertu ziren, eta horiek guztiak hobetzeko eta horiei erantzuteko ekintza-plan bat diseinatu da. Plan horretan, nagusiek elkarrekin lan eginez, adibidez, guardiako farmazien arazoa konpontzeko, pentsio duinak lortzeko edo auzoetan bizi diren pertsonen mugikortasuna hobetzeko eman beharreko pausoak erabakiko dituzte.