Ondarroak hitzordu historikoa izango du 2027an, herriak 700 urte beteko baititu. Urteurren berezi eta garrantzitsu hori girotzen eta gizarteari iragartzen joateko, Ondarroako Udalak logo lehiaketa bat jarri zuen martxan duela gutxi. Deialdiak harrera bikaina izan du herritar zein sortzaileen artean: guztira 40 proposamen baino gehiago aurkeztu dira. Lan guztiak aztertu eta alderatu ondoren, epaimahaiak erabakia hartu du eta Lara Larrañaga Salegi sortzaile ondarrutarraren 700 urte geure Ondarruk irudiak jantziko du mendeurreneko egitarau osoa.
Aukeraketa prozesua ez da samurra izan aurkeztutako lanen aniztasuna eta maila handia dela eta. Epaimahaiak bozketa bidez hartu du azken erabakia, baina betiere egileen anonimotasuna zorrotz babestuz. Hau da, kideek ez dute momentu batean ere jakin proposamen bakoitzaren atzean nor zegoen, sormen lana eta diseinuaren egokitasuna soilik baloratuz.
Sari nagusia lortu duen diseinuak herriko nortasuna eta historia biltzen ditu keinu bakarrean. Egileak azaldu duenez, Ondarroaren zazpi mendeak irudikatzeko ezinbesteko ikur bat hartu du oinarri: Zubi Zaharra. "Mendeetan zehar, eraldatu, kaltetu, suntsitu eta berreraiki izan da. Hala ere, herriaren nortasunaren parte izaten jarraitzen du. Zubi Zaharra Ondarroaren 700 urteen metafora da: irauteak ez du bere horretan mantentzea esan nahi, aldaketetara egokitzeko eta aurrera jarraitzeko gai izatea baizik. 700 urte ondoren, gure herriak aldatzen jarraitzen du. Eta batuta jarraitzen dugu", nabarmendu du Lara Larrañagak.
Grafikoki, zubiaren arkuen formak 700 zenbakiarekin egiten du bat, eta 7aren irudiak ontzi baten branka gogorarazten du. Horrela, Zubi Zaharra, 700 zenbakia eta branka elkartzen dira, Ondarroaren historia, izaera eta itsasoarekin duen lotura mezu soil, dotore eta erraz ezagutzeko moduko batean laburtuz. Irudi honekin, Ondarroak harro ekingo dio bere 700. urteurrena ospatzeko bideari.