Gasteizko Udal Antzoki Sareak bat egingo du Kulunka Teatro konpainia gipuzkoarraren 15. urteurrenarekin, eta taldearen 'Forever', 'Solitudes' eta 'André y Dorine' maskaren antzerkiko lan sarituak taularatuko ditu aste honetan Felix Petite antzokian. Horrela, sortu zirenaren alderantzizko ordenan eszenaratuko dira, "urte hauetan ikasi dutena erakusteko, baina baita galdu dutena ikusarazteko ere", aurkezpenean azaldu dutenez.
"Gasteizko Udal Antzoki Sarearentzat ohore handia da lan horiek hartzea; izan ere, aurretik, sortu ziren urte bakoitzean ere hemen ikusteko aukera izan dugun arren, orain berriro ikusi ahal izango ditugu, hain berezia den 15. urteurrena ospatzeko eta Kulunkaz 'betetzeko'. Esperientzia oso ederra da, eta Gasteizko publikoarekin partekatuko duzue", nabarmendu du Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotziak.
'Forever' (2023) ostegunean ikusi ahal izango da, martxoaren 19an. Samurtasuna eta gordintasuna uztartzen ditu, eta amestu zuenetik urrunduz doan familia baten istorioa kontatzen du. Maitasunaren paradoxak umorez eta ironiaz islatuz, amatasuna, heziketa, desgaitasuna eta inkomunikazioa bezalako gaietan jartzen du arreta. Plataforma birakari baten gainean, zaldiko-maldiko bat irudikatzen du: bizitzaren noria.
'Solitudes' (2015) lanak, bestalde, umorearen bidez bakardadean eta inkomunikazioan sakontzen duen istorioa kontatuko du osatiralean, martxoaren 20an. Protagonistak ez dutela aintzakotzat hartzen sentitzen du, bizitza itxaronaldi bihurtzen den ia adineko guztientzat bezalaxe, gauza sinpleak besterik ez dituelako nahi; hain gauza sinpleak, non besteek ez baitute beren benetako garrantzia baloratzen.
Istorioaren berezitasuna da agureak ez duela etsitzen, ez diela bere desio txikiei uko egiten eta haien alde borrokatzen duela ausardiaz eta duintasunez. Horrek, noski, bere buruarentzat eta ingurukoentzat izango ditu ondorioak.
Azkenik, 'André y Dorine' (2010) lanak adineko bikote baten istorio hunkigarria aurkeztuko du larunbatean, martxoaren 21ean. Bikote baten interesik gabeko bizitza gaixotasunak astinduko du. André idazleak eta Dorine txelo jotzaileak nor izan diren gogoratu beharko dute, zer diren ez ahazteko. Horrela, beren lanbideen eta objektuekiko harremanaren bidez (idazmakina eta biolontxeloa), bidaia emozionalean murgilduko dira. Hitzik gabe eta maskararen ahalmenarekin, dramaren eta komediaren artean, maitasunaren eta ahanzturaren artean, bizitzaren eta heriotzaren artean egingo dute bidaia.
KULUNKA TEATRO
Kulunka Teatro konpainia 2010ean sortu zen Hernanin (Gipuzkoa), Garbiñe Insausti eta Jose Dault artisten eskutik. Prestakuntza akademikoa Madrilgo Arte Dramatikoko Goi Mailako Errege Eskolan jaso zuten, eta ibilbide luzea egin dute antzerkigintzan. Geroago, Iñaki Rikarte gasteiztarra eta ohiko kolaboratzaile batzuk elkartu zitzaizkien, hala nola Rolando San Martin, Ikerne Gimenez, Luis Miguel Cobo edo Javier Ruiz de Alegria.
Kideek lengoaia eszeniko desberdinekin esperimentatzeko duten kezkak maskaren lengoaia probatzera eraman zituen. Teknika honen bidez istorioak kontatzen dituzte, hitzik gabe eta aktoreen aurpegi adierazpena ezkutatuz. Sormenari dagokionez, erronka handia da eta errealitatearekin konektatutako antzerki bizia, egungoa eta konprometitua sortzen du.
Bere ibilbidean, Kulunka Teatrok bere bidea ireki du Espainiako konpainia nagusien artean, eta egitura sendo bihurtu da. Gainera, nazioarteko proiekzio nabarmena du, ia 40 herrialdetan antzezpenak egin baititu. Gainera, sari zerrenda handia eskuratu du eta horrek guztiak agerian uzten ditu konpainiak gure mugen barruan eta kanpoan dituen garrantzia eta aitortza.