Deportes

Kosner Baskoniak eta Surne Bilbaok Euskal Kopa jokatuko dute irailaren 15ean Mendizorrotzen

Kirol zinegotziak Gasteizko eta Bilboko zaleei dei egin die iralaren 15ean Mendizorrotzeko pabilioira joateko eta "euskal saskibaloiaren jai handiaz gozatzeko"
Kosner Baskoniak eta Surne Bilbaok Euskal Kopa jokatuko dute irailaren 15ean Mendizorrotzen. / Utzitakoa

Kosner Baskoniak eta Surne Bilbaok 2026-2027ko denboraldiko Euskal Kopa jokatuko dute irailaren 15ean Gasteizko Mendizorrotzeko udal pabilioian, 18:00etan hasita. Talde gasteiztarra izan zen aurreko edizioaren irabazlea, Barakaldon (Bizkaia) jokatutako partidan bilbotarrei 95-91 irabazita.

Aurtengo edizioa astelehen honetan aurkeztu dute Arabako Kirol Elkarteen egoitzan, Gasteizen, eta bertan izan dira Ana Lopez de Uralde Gasteizko Udaleko Kirol zinegotzia, Luis Mari Sautu Euskadiko Saskibaloi Federazioko presidentea, Luismi Corres Arabako Saskibaloi Federazioko arduradun nagusia eta Baskoniako eta Bilbao Basketeko ordezkariak.

Horrela, Euskal Kopa Gasteizera itzuliko da, eta Mendizorrotzeko esparruan jokatuko da berriro sei urte geroago. 2020ko denboraldiaren hasieran udal pabilioian jokatu zen txapelketa, eta bertan izan ziren Baskonia eta Bilbao Basket ere. Orduan, Gasteizko taldea izan zen txapelduna (87-77).

"Euskal Koparen edizio berri hau Mendizorrotzeko pabiloian jokatuko denez, Baskonia taldeko zaleek talde berrira hurbilketa egiteko eta fitxaketa eta jokalari berriak ezagutzeko aukera izango dute. Azken finean, horiek izango dira Ligan, Euroligan eta Errege Kopan etenik gabe animatuko dituzten jokalariak. Gainera, taldearen balantzea iazko denboraldiaren amaierako berbera izatea nahiko genuke", azaldu du Lopez de Uraldek.

Kirol zinegotziak Gasteizko eta Bilboko zaleei dei egin die iralaren 15ean Mendizorrotzeko pabilioira joateko eta "euskal saskibaloiaren jai handiaz gozatzeko".

12/09/2026