Gipuzkoa

Korrika Legazpitik pasako ez den arren, udalak kilometroa erosi du eta herritarrak parte hartzera deitu ditu

Ibilbidea herritik ez pasatzearen inguruan, AEKri kexa formala helarazi dio
Korrika Bizkaiko kaleak beteaz. / AEK

Aurtengo Korrika larunbatean iritsiko da Urola Garaira. 7.55ean sartuko da, Deskargatik. Deskargatik Zumarragako Euskal Herria hiribidera joango dira, ospitaleko bidegurutzetik La Salle-Legazpi ikastetxera jaitsiko dira, Secundino Esnaola kalea zeharkatu ondoren Urretxura sartuko dira, Areizaga-Kalebarren plazatik Eitzagara joango dira eta handik Ezkiora jaitsiko dira.

Ezkio, Urretxu eta Zumarragatik pasako da. Legazpitik ez, ordea. Hala ere, Legazpiko Udalak kilometroa erosi du eta herritarrak parte hartzera animatu ditu. Legazpiarren kilometroa Zumarragako Euskal Herria hiribidera daraman biribilgunean hasten da, Legazpiko mugaren ondoan, beraz. 2.846. kilometroa da. Korrika 8.10ean iritsiko da bertara.

Horra hor Legazpiko Udalak komunikabideetara bidali duen oharra. "Aurten Korrika Legazpitik igaroko ez bada ere, gure herriaren euskararekiko konpromisoa inoiz baino biziago dago. Ibilbidea gure herritik ez pasatzearen inguruan AEKri kexa formala helarazi ondoren, Legazpiko Korrika Batzordeak, Udalarekin elkarlanean, herritarren parte-hartzea bermatzeko urratsa eman du. Helburu horrekin, Korrikako kilometro bat erostea erabaki da, legazpiar guztiek elkarrekin korrika egin eta euskararen aldeko atxikimendua agerian uzteko aukera izan dezaten. Aukera paregabea izango da herritar guztiek ekimen kolektibo honetan parte hartu eta euskararen erabilera eta garrantzia aldarrikatzeko. Udaletik herritar guztiak animatu nahi ditugu kilometro honetan parte hartzera. Izan ere, egunerokoan euskara bizirik mantentzeko egiten dugun ahalegin partekatuaren islada da. Korrika lasterketa bat baino askoz gehiago da: komunitatea, kultura eta konpromisoa adierazten ditu".

27/03/2026