Lekeitioko Euskal Zine Bilerak urrats bat gehiago egingo du bere ibilbide historikoan. Urriaren 14tik 18ra bitartean ospatuko da jaialdiaren 49. edizioa, 'Dena dugu kontatzeko' lelopean. Ia mende erdiko ibilbidean egin bezala, euskarazko zinemagintzaren topagune nagusi eta komunitatearen erakusleiho izaten jarraituko du Lekeitiok, oraina eta etorkizuna lotuz.
Aurtengo edizioko Sail Ofizialean 20 lan lehiatuko dira urriaren 15ean, 16an eta 17an Ikusgarri zine aretoan egingo diren proiekzioetan. Film onenaren saria (3.000 €), Zuzendaritza onenarena (1.600 €) eta Gidoi onenarena (1.600 €) erabakitzeko, ibilbide sendoko epaimahaia egongo da: Irati Gorostidi Agirretxe zinemagilea, Aimar Arriola arte-komisarioa eta Edurne Azkarate aktorea. Horiez gain, EITB Ikusleen saria (750 €), Adineko pertsonek osatutako Esperientziaren epaimahaiarena (1.000 €) eta Benito Ansola gazte epaimahaiarena (500 €) ere banatuko dira.
Edizio honek bereizgarri bereziak izango ditu. Batetik, Oier Iruretagoiena artistak diseinatutako garaikur berria estreinatuko da: ahotik zinea proiektatzen duen antzarra. Bestetik, Euskal Zinemaren Begirada Saria Jose Ramon Soroiz aktore ezagunak jasoko du urriaren 17an, euskal ikus-entzunezkoetan egindako ibilbide oparoa aitortuz. "1970eko hamarkadaren amaieran hasi zuen ibilbidea, eta ordutik antzerkia, zinema eta telebista uztartu ditu", gogoratu dute antolatzaileek, 'Bi eta bat', 'Goenkale', 'Tasio' zein 'Loreak' bezalako ekoizpen historikoetan parte hartu izana azpimarratuz.
Egitarau zabal eta anitz hori osatzeko, hiru proiekzio berezi ere eskainiko dira Lekeition: Ondarroako emakume helduen testigantzak biltzen dituen 'Zahartzaro feministarantz, Boga-boga' dokumentala, Irati Gorostidi Agirretxeren 'Aro berria' filma, eta herriko jaiaren jatorria aztertzen duen 'Antzarra Zerumugan' lana. Horretaz gain, Hazparneko Zinegin festibalerainoko zubiak ere mantenduko dira ikasleek bikoiztutako lanen proiekzioekin.
Azkenik, belaunaldi berriei eta ikus-entzunezkoen ondareari ere lekua egingo zaio. Batetik, 14 eta 17 urte bitarteko gazteentzat bideratutako 'Harrobia' egitasmoa egingo da Taupa Euskaltzaleen Mugimenduarekin batera, urriaren 14an egingo den Ikasle Goizarekin eta zuzeneko podcast batekin. Bestetik, euskal zinema analogikoaren memoria gordetzeko 'ATZO8' plataforma digital berria aurkeztuko da urriaren 18an, eta 'KLIXKA' programaren bidez esperimentaziorako gunea zabalduko da Eskolape aretoan. Ordutegi eta informazio guztia Euskal Zinema Bileraren webgunean aurki daitezke.
Beraz, antolatzaileek azaltzen duten bezala, "49 urteko ibilbidearen ondoren, Euskal Zine Bilerak ez du soilik atzera begiratzeko arrazoirik. Aitzitik, etortzeko dagoenari begira jarraitzen du: sortuko diren istorioei, lehen filmak egingo dituztenei, aurkituko diren ahotsei eta euskarazko zinemak zabalduko dituen bide berriei".
Urriaren 14tik 18ra, Lekeition, euskarazko zinemak dena du kontatzeko.