Mundo

Israelen erasoek 39.000 palestinar hil dituzte dagoeneko

Israelek eta Hamasek su-eten akordioa lortzeko negoziazioekin jarraitzen dute
Israelgo bonbardaketa batean hildako gorpua Gazako hegoaldera daramate herritar palestinarrek
Israelgo bonbardaketa batean hildako gorpua Gazako hegoaldera daramate herritar palestinarrek / EFE

Drama etenik gabe hazten. 39.000 palestinar hil dira dagoeneko Israelen erasoaldi militarraren eta Gazako Zerrendan egindako bonbardaketen ondorioz, atzo Palestinako erdigunean eta iparraldean egindako erasoen azken biktimak zenbatu osten. Gazako Osasun Ministerioak Telegram kontuan zabaldutako ohar batean azaldu duenez, Benjamin Netanyahuren Gobernuak eragindako hildakoen zerrendari bereizi gabeko bonbardaketek eragindako 90.000 zaurituak ere gehitu behar omen zaizkio; eta ez dituzte kontuan hartu, anbulantziek eta erreskate taldeek jaso ezin izan dituzten eta hondakinen artean leudeken beste 10.000 gorpu inguru.

“Hildako kazetarien kopurua 161era iritsi da”, salatu du ingurune sarraskituko gobernuak, Yabalia hiriko bere etxearen kontra larunbat goizaldean Israelek egindako bonbardaketan hildako erreportariaren azken heriotza zenbatu ondoren. Azken orduetan eremu hartako hainbat lekutan jaurtitako bonbek 37 hildako eta 54 zauritu eragin dituzte. Hildakoen erdiak baino gehiago emakumeak eta haurrak izan dira.

Israelek eta Hamasek su-eten akordioa negoziatzen jarraitzen dute Kairon eta Dohan, Israelgo bahituak preso palestinarrekin trukatzeko asmoz.

Urriaren 7an bahitutako 251 lagunetatik 116k bahituta jarraitzen dute oraindik. Egun hartan Hamasek 1.200 zibil israeldar hil zituen. Orduaz geroztik Netanyahuren Gobernuak emandako erantzuna irmoa izan da, gau eta egun bonbardaketa indiskriminatuak burutuz; Palestinako herritarren gaineko errepresioa ezin bortitzagoa izan da, de facto ia erabateko suntsiketa ekarri duelarik.

NBEren arabera, Gazako Zerrendako biztanleen %85ek – kontuan izanik 2,3 milioi pertsona baino gehiago bizi zirela bertan-, beraien etxeetatik alde egin behar izan dute Israelen erasoen ondorioz.

Gobernuei eta Nazio Batuei gosearen maila neurtzeko datuak ematen dizkien Integrated Food Security Phase Classification nazioarteko sare errespetatuak argi asko azaldu du, Gazan gosetea ezarrita dagoela jada.

Israeldarren erasoek oso kaltetuta utzi dute Gazako Zerrendako hiri-azpiegitura, milaka eraikin hondakin bihurtuta, eta bertako bizilagunak hegoaldeko Rafah hirira jo behar izan dute ezinbestean.

Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Bulegoak ohartarazi duenez, “anarkia” egoera nagusitzen ari omen da Gazako Zerrendan; hainbat udaltzainen eta langile humanitarioen legez kanpoko hilketak dokumentatu dituzte, eta ezinbesteko hornidurak banatzeko sistema “erabat itota” omen dago. “Israeldarren erasoek, egunero erabiltzen diren oinarrizko produktuak sartzea eta entregatzea eragozten duten Israelek ezarritako administrazio-arauek, gerrak eragindako giro lazgarriak eta ordena zibilaren kolapsoak, ikaragarrizko erronkak sortzen dituzte edozelako erantzun humanitario burutzerako orduan”, azaldu dute NBEtik.

2024-07-22T07:32:03+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo