Gipuzkoa

Hitanoa suspertzeko, Hike eizan! V. Bertsopaper Lehiaketa abian da Azkoitian

1.725 euro banatuko dira sarietan, eta parte hartu nahi dutenek maiatzaren 15era arte izango dute beren lanak aurkezteko
Sari banaketa ekitaldia Elkargunean iazko edizioan. / Udala

Azkoitiko Udaleko Euskara Sailak, Hike eizan! taldearekin eta Erniarraitz Bertsozale Elkartearekin elkarlanean, 2026ko V. Bertsopaper Lehiaketa abiatu du, hitanoaren suspertzeko helburuarekin.

Parte hartu nahi dutenek maiatzaren 15era arte izango dute bertso-sortak aurkezteko epea.

Hiru kategoria

Lehiaketa hiru kategoriatan banatuko da. Umeen mailan 2012an eta ondoren jaiotakoek parte hartu ahal izango dute, gazteen mailan 2008 eta 2011 artean jaiotakoek, eta helduen kategorian 2007an edo lehenago jaiotakoek.

Sariei dagokienez, umeen kategorian irabazleak 125 euro jasoko ditu, gazteen mailan 250 euro, eta helduen mailan bi sari banatuko dira, lehenengoak 500 euro eta bigarrenak 250 euro.

Horrez gain, Azkoitia sariak ere emango dira hiru mailetan, herriko parte-hartzaile onenei, 75 euro umeetan, 150 gazteetan eta 300 helduetan.

Lanen ezaugarriak

Parte-hartzaileek baldintza jakin batzuk bete beharko dituzte.

Umeen kategorian gutxienez bi bertso eta lau kopla aurkeztu beharko dira, gazteek sei bertso, eta helduek gutxienez zortzi.

Gaia, neurria eta doinua libreak izango dira, baina bertso-sorta guztiak hitanoan idatzita egon beharko dute, eta nokaren erabilera bereziki baloratuko da.

Izen emateak

Lanak aurrez aurre udaletxean edo modu telematikoan aurkeztu ahal izango dira, www.azkoitia.eus webguneko Tramiteak ataleko Lehiaketak azpiatalean.

Oinarriak ere bertan kontsulta daitezke, eta informazio gehiago nahi dutenek euskara@azkoitia.eus helbidera idatzi edo 943 54 20 02 telefonora deitu dezakete.

Sariak

Epaimahaia Hike eizan! lantaldeko eta Erniarraitz Bertsozale Elkarteko bina kidek osatuko dute, eta ekainaren 1ean jakinaraziko dituzte irabazleak.

Sari-banaketa ekitaldia, berriz, ekainaren 25ean egingo da, VI. Hike eizan! bertso saioaren baitan.

07/04/2026