Gipuzkoa

Hernaniko Preludioak larunbatean Txirrita eta Ereñotzu protagonista izango ditu

Herriko musikari, bertsolari eta kultur eragileek parte hartuko dute San Joan jaien 31. iragarpen kontzertuan

San Joan jaiak gero eta gertuago daude, eta horien atariko ekitaldi nagusietako bat izango den Preludioa ospatuko dute larunbatean, ekainaren 13an, Hernanin. Sanjoanetako 31. Iragarpen kontzertua 22.30ean hasiko da Gudarien plazan, eta euria egingo balu, Atsegindegin egingo dute. Karla Ferreño eta Aritz Zerain izango dira aurkezleak.

Urtero bezala, herriko musikari, bertsolari eta kultur eragile ugari bilduko ditu ekitaldiak, San Joan jaien hasieraren aurreko giroa berotzeko asmoz. Antolatzaileek aurreratu dutenez, aurtengo edizioak ere herriko kultur sorkuntzaren erakusleiho izan nahi du, musikaren, dantzaren eta bertsolaritzaren bidez.

Aurtengo Preludioak, gainera, bi ardatz berezi izango ditu. Batetik, Jose Manuel Lujanbio Txirrita bertsolariaren figura izango da gogoan, aurten 90 urte betetzen baitira hil zenetik. Bestetik, Ereñotzuk ere protagonismo berezia izango du, Preludioaren data auzoko festen ospakizunekin bat etorriko baita.

Diziplina artistiko ezberdinak

Kontzertuak hamabi pieza bilduko ditu, eta horietan parte hartuko dute Jorge Pachecoren zuzendaritzapean ariko den Musika Bandak, Kristina Solano trikitilariak, Eli Pagola bertsolariak eta Ttarla dantza taldeak, besteak beste. Diziplina artistiko ezberdinak uztartuz, herriko kultur adierazpideen erakusgarri izango da ikuskizuna.

Bestalde, Akelarreko pertsonaiek ere presentzia izango dute aurtengo emanaldian. Taldeak 40 urte bete ditu aurten, eta urteurren hori ospatzeko Preludioan parte hartuko dute. Akelarre izango da, gainera, Kontrakantxa gaztetxearekin batera, aurtengo San Joan jaietako txupinazoa jaurtiko duten eragileetako bat.

Oroimena

Oroimenerako uneak ere izango ditu kontzertuak. Txirritaren omenez ez ezik, 1936ko gerran fusilatutako herritarrak eta aurten zendu den Migel Lujanbio ere izango dituzte gogoan, memoria historikoari eta herriko pertsona esanguratsuei aitortza eginez.

Inklusioaren aldeko apustua berretsiz, lehen ilara inklusiboa jarriko dute aurten ere. Mugikortasun edo ikusmen arazoak dituzten herritarrentzat gordeko da espazio hori, ikuskizunaz baldintza egokietan gozatzeko aukera izan dezaten.

Preludioaren aurretik, ekainaren 12an, ostiralez, Preludio Txikia egingo dute herriko gaztetxoek. Ekitaldia 19.00etan hasiko da Gudarien plazan, eta euria eginez gero Atsegindegira lekualdatuko dute. Horrela, adin guztietako herritarrak izango dira San Joan jaiak iragartzen dituzten lehen hitzorduen protagonistak.

11/06/2026