Actualizado hace 6 minutos
Heriotzaren aurrean eraiki den beldurra deseraikitzea da Hil Arte Bizi ekimenaren helburua. Hori dela eta, heriotzaren inguruan naturaltasunez hitz egin eta honen aurrean pertsona orok dituen eskubideak ezagutu eta erabakiak hartzen laguntzeko tailerrak egongo dira Etxebarrian, eta topaketak antolatu dituzte Lekeition.
Horrela, Etxebarrian, urtarriletik otsailera bitartean, Hil Arte Bizi tailerrak egingo dira. Guztira lau saio izango dira, “gaiak modu errazean eta hurbilean landuz”. Etxebarriko Udalak antolatu ditu, gaia erraza ez dela jakin arren, “herritarrek heriotzaren aurrean dituzten eskubideak ezagutu eta baliabideak eskuratzen laguntzeko apustua eginez”.
Bestalde, egitasmoaren sortzailea eta tailerren bideratzailea Nere Erkiaga da. Tanatologian, parte hartze dinamiketan eta kutur transmisioan aditua.
Aurkezpen hitzaldia bihar, urtarrilak 14, eskainiko du Erkiagak, 18.30ean, Kultur Aretoan. Tailerrak, berriz, otsailaren 3an, 10ean, 17an eta 24an izango dira. Parte hartzea doakoa da, baina plazak mugatuak direnez, izena eman beharko da aldez aurretik urtarrilaren 14tik 28ra bitartean. 94 616 64 32 telefono zenbakira deituta edota 673 36 52 28 zenbakira mezua bidalita eman ahalko da izena.
Ekimena martxan Lekeition
Bestalde, Lekeition, Hil Arte Bizi ekimena martxan dago eta topaketak egiten ari dira, udalak antolatuta. Herri mailan heriotzaren inguruan naturaltasunez hitz egin eta elkarrekin ikasteko proposamena da helburua. Sei saiotan sei gai jorratu dituzte. Gai bakoitzaren inguruko hitzaldi txiki bat egin ostean, herritarren arteko elkarrizketa edo mahai-ingurua izango dira.
Hurrengo saioa urtarrilaren 15ean, 18.00etan, izango da Azkue aretoan, Hil direnen ondoan, esperientzia onak izenburupean. Nere Erkiagak eskainiko du hitzaldia, eta elkarrizketa Oihana Garateak gidatuko du. Saioa doakoa eta sarrera librekoa izango da. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, saioa “ez da egokia” izango doluan dauden pertsonentzat.