Actualizado hace 6 minutos
Helmuga Turistiko Adimendunen Sareko Kudeatzaileen VIII. Topaketa egin da Gasteizen astelehenetik asteazken honetara arte, ekainaren 1etik 3ra arte, Espainiako Gobernuko Turismo Idazkaritzak SEGITTUR sozietatearen bitartez antolatuta, eta Estatuko ehundik gora helmuga turistikotik iritsitako 185 profesional baino gehiago bildu ditu Europa Biltzar Jauregian.
'Helmugak egiten dituzten pertsonak. Turismoa eraldatzen duen adimena' lelopean, topaketa baliagarria izan da esperientziak partekatzeko, sektorearen egungo erronkak aztertzeko eta pertsonak ardatz izango dituen eredu turistiko berritzaileago eta jasangarriago baten eraikuntzan aurrera egiteko, Eusko Jaurlaritzatik adierazi dutenez.
Hiru jardunalditan, jasangarritasun turistikoa, gobernantza, berrikuntza publikoa, turismoan aplikatutako adimen artifiziala, Helmugen Plataforma Adimenduna eta datu turistikoen espazioa ardatz izan dituzten hitzaldi, eztabaida mahai eta lankidetzarako guneetan parte hartu dute erakundeetako ordezkariek, helmugen kudeatzaileek eta sektoreko espezialistek.
Topaketaren amaierako ekitaldia asteazken honetan egin da, eta Gasteizko alkate Maider Etxebarria, Arabako Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapeneko eta Foru Administrazioko diputatu Cristina Gonzalez, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtado eta Estatuko Turismo idazkari Rosario Sanchez hartu dute parte.
Amaierako ekitaldiaren ondoren, agintariek bisita instituzionala egin dute Gasteizen Helmugako Jasangarritasun Turistikoaren Planari lotutako Europako finantzaketarekin garatutako zenbait proiektutara. Ibilbidea Goiuri Jauregian hasi da, Erdi Aroko Hirigunearen maketa interaktiboarekin. Tresna hori hainbat erabiltzaile profiletara egokitutako baliabide teknologikoen bidez esperientzia turistiko eskuragarri eta inklusibo bat eskaintzeko diseinatuta dago.
Bisitak Martin Ttipia plazan eta Harresiaren Lorategiaren azken tartean jarraitu du. Jarduketa horiei esker, hiriko ondare, paisaia eta turismo intereseko espazioak berreskuratu ahal izan dira, eta haien balioa nabarmendu ahal izan da.