Gipuzkoa

Haur eta Nerabeen Astearen bigarren edizioa aurkeztu dute Zumarragan

Herriko guraso, hezitzaile, haur eta nerabeentzako ekitaldiak azaroaren 17tik 23ra izango dira
Serrano eta Mendiluze, Kontseiluko kideekin / Asier Zaldua

Zumarragako Haur eta Nerabeen Kontseilua eratu dute eta beraien asteko ekitaldien berri eman dute.

Haur eta Nerabeen kontseiluaren eraketa udaletxeko batzar aretoan izan da. Ekitaldian Mikel Serrano alkateak eta Iñaki Mendiluze zinegotziak hartu dute hitza. Serranok Kontseiluak aurreko ikasturtean baino kide gehiago izango dituela gogoratu du. Kontseilua 18 kide izatetik 24 kide izatera pasa da. Izan ere, adin tartea handitu egin da. Orain arte Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek parte hartzen zuten eta hemendik aurrera DBH1ekoek ere parte hartuko dute.

Kontseilua eratu ondoren, Zelai Arizti kultur etxera joan dira. Bertan, lehen bilera egin dute. Lehenago, Haur eta Nerabeen Asteko egitaraua aurkeztu dute. “Ez zarete bigarren mailako aholkulariak. Egitaraua zuek egindako proposamenekin osatu dugu. Aurrekontua dela eta, batzuk kanpoan utzi behar izan ditugu, baina beharbada datorren urtean antolatuko ditugu”, esan du Mendiluzek.

Lehen ekitaldia hilaren 17an izango da, 17.30ean, Zelai Arizti kultur etxean. Aditu batek Suizidioa prebenitu bizitza sustatzeko hitzaldia egingo du. Ekitaldia Treba Gurasoak programaren barne antolatu dute eta dagoeneko 20 gurasok eman dute izena.

Hilaren 18an minbiziaren aurkako elkarteak Kerik gabeko espazioak eta tabakoen prebentzioa nerabezaroan hitzaldia emango du La Salle-Legazpin, Gainzurin eta Urretxu-Zumarraga Ikastolan.

Hilaren 19an, 17.30ean kultur etxean, Sexualitatea-Arauaz harago hitzaldia egingo dute. Hilaren 20an, ordu berean Gazte Txokon, Ongizate emozionala-Kontzientzia eta gorputza hitzaldia egingo dute. Bi hitzaldi horiek Treba Gurasoak programaren barne antolatu dituzte. Hilaren 20an beste ekitaldi bat ere egingo dute: 17.30ean, kultur etxeko bigarren solairuan, Adahigi elkarteak TDAri buruzko saioa emango die gurasoei eta hezitzaileei.

21ean ere bi ekitaldi izango dira: 17.00etan Txepeldunak bertso antzerkia egingo dute Zelai Arizti parkean eta 19.00etatik aurrera EuskoOrleans taldeak kalejira egingo du Zelai Arizti parketik abiatuta. 22an, 17.00etan, ginkana egingo dute. 8 eta 14 urte bitarteko haurrek parte hartu ahal izango dute. Udalaren webgunean eman behar dute izena. Gainera, Euskadi plazan aurpegia margotuko dute, poltsak Kontseiluaren logoarekin apainduko dituzte eta puzgarri inklusiboak egongo dira.

Azken ekitaldiak 23an izango dira. 8.30ean Anjel Etxeberriaren omenezko 37. mendi martxa egingo dute. Plazatik abiatuko dira. Izena emateko, ostadar@ostadar.org helbidera idatzi behar da. 16.00etan puzgarriak egongo dira Euskadi plazan (eguraldi txarra egiten badu, pilotalekuan). 17.00etan, Jolasenea elkartearen eskutik, mahai jolasetan arituko dira Azoka gunean.

12/11/2025