Gipuzkoa

Gorazarre Pasaia-Lezo Lizeoko komunitateari

Irakasle eta irakasle ohiak, gurasoak eta ikasleak Antxon ikastolaren 50. urteurrena ospatu dute
Lourdes Sistiaga omenaldia jasotzen. / Aitziber Muga

Pasaia-Lezo Lizeoak bere 50. urteurrenaren ospakizun nagusia egin du larunbat honetan, ekainaren 6an, Pasai Antxon. Plazara! izeneko jaialdiaren bidez. Ikastolak azken bost hamarkadetan komunitatearen parte izan diren pertsonak elkartu ditu, iraganari aitortza egiteko, orain arte egindako bidea balioan jartzeko eta etorkizuneko erronkei elkarrekin aurre egiteko.

Antxoko Biteri plazan izan ziren garai bateko eta egungo ikasleak, familiak, langileak eta herritarrak, baita Pasaiko eta Lezoko alkateak eta Lizeoko sortzaileak. Ehunka pertsona ibili ziren auzolanean, duela 50 urte, herriko eskola txikietatik Pasaia-Lezo Lizeoa eraikitzen eta historiako pertsona protagonista guzti horien ordezkari bezala, Lourdes Sistiagari gorazarre egin zioten.

Ekitaldiak

Eguna 11.00etan hasi zen, erraldoi eta buruhandien kalejirarekin. Ondoren, 12.00etan, Biteri plazan ospakizuneko ekitaldi nagusia hasi zen. Sorpresa ugari egon ziren: horien artean Jurgi Ekizak 50. urteurrenako sortutako kanta, ikastolako abesbatzarekin batera estreinatu zuena. Antzerki taldea, Pasaia eta Lezoko dantza talde guztien dantzariak... eta aurkezpen lanetan Lizeoko hiru belaunaldi izan ziren ere.

Jurgi Ekiza, Lizeoko abesbatzarekin. Aitziber Muga

Jarraian, bazkari herrikoia egin zuten Ibaiondon. 600 pertsona elkartu zirenez, denak frontoian sartzen ez zirenez, karpa bat ere jarri zuten. Bazkaria urte hauetan guztietan Lizeoaren parte izan diren belaunaldi desberdinen arteko topagune bihurtu zen. Oroitzapenak partekatzeko, aspaldiko lagunak ikusteko eta harreman berriak sendotzeko aukera eskaini zuen.

Arratsaldean, musikak hartu zuen lekukoa. Horretarako, Andoni Ollokiegi musikari sanjuandarra gonbidatu zuten, euskal kantu ezagunekin bazkalostea girotzeko. Ondoren, Elektrotxufla elektrotxarangak kalejira egin zuen Antxoko kaleetan barrena, jaia herriko txoko desberdinetara zabalduz.

Komunitatea indartzeko

Pasaia-Lezo Lizeoak egun handi honen aurkezpenean adierazi zuenez, urteurren hau ez da soilik iraganari begiratzeko aukera bat, baizik eta datozen hamarkadei begira komunitatea indartzeko eta euskararen, hezkuntzaren eta auzolanaren aldeko konpromisoa berritzeko abagunea ere.

Aurreratu zutenez, hemendik urte bukaera arte ekimen gehiago egongo dira, horien artean dokumental bat eta argazki zaharren eta objektuen erakusketa.

Etiquetas
07/06/2026