Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, igande honetan, martxoaren 1ean, eguraldi egonkorra eta tenperatura maximoen igoera. Egunsentian, alabaina, hotz egingo du eta barnealdeko zenbait lekutan izotza egin dezake, bereziki Araba eta Nafarroako zokoetan. Goizaldean behe-hodei batzuk ikus ditzakegu, baina goizean goizetik garbitzera egingo du; eguraldi eguzkitsua izango da, erdi mailako eta goi mailako hodei batzuekin.
Hego-ekialdeko haizea ibiliko da, eta egunaren bigarren partean indartu egingo da, bolada oso gogorrekin ekialdean gauean. Eguzkiaren eta hegoaldeko haizearen eraginez, tenperatura maximoak nabarmen igoko dira: ipar isurialdean 19-20 gradura eta 15 gradura hegoaldean.
HIRIBURIETAN
Hiriburuetan, Baionan 5 gradu espero dira gutxienez eta 18 gehienez, Bilbon 6 gutxienez eta 19 gehienez, Donostian 4 gutxienez eta 17 gehienez, Gasteizen 0 gutxienez eta 15 gehienez eta Iruñean 0 gutxienez eta 15 gehienez.
Kostaldean hego-ekialdeko haizea ibiliko da 3ko indarrarekin, eta arratsaldean zakartu eta 4koa izango du, iluntzean 5eko tarteekin; itsaso kizkurra eragingo du, arratsaldetik aurrera itsaskirriko guneekin. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 2 metro inguruko olatuak altxatuko ditu goizaldean, eta goizetik aurrera 1,5 metro ingurukoak.
Itsasgorak 03:11ean eta 15:41ean izango dira, eta itsasbehereak 09:20an eta 21:32an. Uraren tenperatura 12 gradukoa da eta ikuspena hamar kilometrotik gorakoa izango da, ondorioztatu dute Euskalmetetik prentsa ohar baten bitartez.