Actualizado hace 9 minutos
Gasteizko XV. Ganbera Zikloa jarriko da martxan igandean, martxoaren 29an, eta aurten ere programazio berezia eskainiko du, ekoizpen propioan eta hiriko egitura musikalaren sorkuntzan oinarritua. Aurtengo denboraldian zortzi kontzertu izango dira urrira bitarte, XVI. mendetik gaur arteko errepertorio musikalean zehar ibilbidea eskainiko dutenak.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, egitarauak proposamen "berritzaileak eta ez konbentzionalak eta originaltasunagatik harrigarriak diren egituren talde instrumentalak" aurkeztuko ditu, eta omenaldia egingo die J. C. Arriagari eta G. Kurtagi, haien mendeurrenak direla eta.
Zikloa Jesus Guridi Musika Kontserbatorioan egiten da 2012tik, eta Sonia Diaz de Corcuera, Gasteizko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotziak, adierazi duenez, "bikaintasun artistikoa, programazioan berrikuntza eta jendearentzat irisgarria izango den kultur espazio egonkorra sendotzea du helburu".
"Planteamendu horrek helburu bikoitza du: musika eskaintza aberastea proposamen bereizien bidez, eta entzute aktiboa sustatzea, errepertorio klasikoa ikuspegi berrietatik berraurkitzera gonbidatzen duten esperientzien bidez", azaldu du.
Kontzertuen bidez, Gasteizko musika programazioa aberastu nahi da, martxotik urrira bitarteko hainbat igandetan, eguerdian (12:00etan), kultur jarduera bat eskainiz eta bertako musikarien lana ikusaraziz, proiektu berriak garatzen laguntzeko. Aurreko denboraldietan egin den moduan, Guridi Gazteak atalari eutsi zaio, eta horrela, kontzertu bakoitzaren aurretik, Jesus Guridi Kontserbatorioko ikasleen emanaldi laburra izango da, atariko gisa.
KONTZERTUAK
Magna metalen boskotearekin hasiko da zikloa igandean, martxoaren 29an, eta Euskadiko Interprete Gazteen Lehiaketako sarituak arituko diras maiatzaren 7an (salbuespenez, kontzertua ostegunean izango da). Arabako Gazte Abesbatzak emanaldia eskainiko du maiatzaren 17an, eta ekainaren 7an, aldiz, Akartia Lab (sopranoa-saxoa-akordeoia) arituko da.
Enigma ganbera orkestrak omenaldia egingo dio J. C. Arriagari irailaren 6an, konpositore bilbotarraren heriotzaren 200 urteak direla eta, eta irailaren 13an Bassadonna kontrabaxuen hirukoteak joko du. Jon Mestre eta Daniel Oyarzabal bikotea arituko da urriaren 4an, eta zikloa urriaren 25ean bukatuko da, Alicia Amo sopranoarekin eta Andoni Mercero biolin jotzailearekin, G. Kurtag omenduz.
Abonamenduak (35 euro) eta sarrerak (7 euro) salgai daude jada www.entradium.com webgunean eta kontzertu bakoitza hasi baino ordubete lehenago bertan ere eskuratu ahal izango dira. 30 urtetik beherako ikasleak eta langabeak doan sar daitezke.