Araba

Gasteizko Udalak orube bat jarri du salgai Arkaiaten 143 etxebizitza tasatu eraikitzeko

Orubeak 3.319 metro koadroko azalera du, eta Arakaiabidea kalean dago
Gasteizko Udalak orube bat jarri du salgai Arkaiaten 143 etxebizitza tasatu eraikitzeko. / Utzitakoa

Gasteizko 21 Zabalgunea Udal Hirigintza Sozietatearen Administrazio Kontseiluak astelehen honetako bilkuran erabaki Arkaiateko 12. sektorean gehienez ere 143 etxebizitza tasatu hartuko dituen lursaila saltzeko lizitazioa hastea. Orubeak 3.319 metro koadroko azalera du, eta Arakaiabidea kalean dago.

Lur arraseko benetako eraikigarritasuna eraikitako 11.224 metro koadrokoa da, erregimen tasatuko bizitegi erabilera kolektiborako. Gainera, 670 metroko lokala izango du hirugarren sektoreko erabilerarako, Borja Rodriguez 21 Zabalgunea sozietateko presidenteak iragarri duenez.

Lursaila eskuratu nahi duten enpresek abenduaren 18ra arte aurkez ditzakete eskaintzak, eta gutxieneko prezioa 5.750.000 eurokoa izango da (BEZa kanpo).

Bertan eraikiko diren etxebizitza guztiek, gutxienez, B energia kalifikazioa izan beharko dute. Gainera, esleipendunak lursailerako indarrean dagoen araudiak ezarritako hirigintza baldintzetara egokitutako proposamena garatu beharko du, Europako Taxonomia Berdearekin bat etorriz. Proiektu horretan, prozedura honetara aurkeztutako proposamenean oinarrituta, bizitegi eraikigarritasunaren gutxienez %75 gauzatu beharko da, eta proiektuak Europako Taxonomia Berdearekiko lerrokatzea bete beharko du.

"Praktikan, energia eraginkortasunarekin, karbono isurpenak murriztearekin, baliabideen erabilera arduratsuarekin, klima aldaketara egokitzearekin eta ingurumena babestearekin lotutako helburuak beteko dira. Azken batean, Taxonomia Berdeak eraikuntza eraginkorragoa, erresilienteagoa eta karbono gutxiko ekonomiarako trantsizioarekin lerrokatuagoa bultzatzen du", azaldu du Rodriguezek.

Arkaiaten orubea besterentzeko lizitazioa abian jartzeaz gain, 21 Zabalguneak Zabalganeko 2. sektorean orubea saltzeko beste prozesu bat ere irekita dauka, gehienez 137 etxebizitza tasatu eraikitzeko. Lursail hori eskuratzeko eskaintzak aurkezteko epea urriaren 16an amaituko da.

29/09/2026