Actualizado hace 5 minutos
Gasteizko Udaleko gobernu batzordeak ostiral honetan onartu du daftozen bi urteetan Bidelan jantoki soziala kudeatzeko zerbitzua Eulen Servicios Sociosanitarios enpresari esleitzea, 436.459,53 euroren truke. Kontratuak aukera emango du 2024ko maiatzean ireki zenetik San Bizente Paulekoa kalean dagoen udal baliabideak eskaintzen duen arretari jarraipena emateko.
Bidelanek Arkupeeetako jantoki sozial zaharra ordezkatu zuen, eta bi txandatan banatutako 60 plazarako tokia zuen martxan jarri zenean. Hasieratik erregistratutako eskari handiaren ondorioz, Gizarte Politiken Sailak edukiera handitu zuen, sei hilabete geroago, egungo 70 plazetaraino.
Lucho Royero Gizarte Politiken zinegotziak azaldu duenez, "Bidelan zaurgarritasun bereziko egoeran dauden pertsonen beharrei erantzun zabalagoa eta egokiagoa emateko sortu zen, eta datuek erakutsi digute baliabidea oso garrantzitsua dela. Onartutako esleipenak funtsezko zerbitzu horren jarraipena bermatzen du, eta ez da janaria eskaintzera mugatzen. Hori beharrean, gizarteratze bidean aurrera egiteko arreta, laguntza eta aukerak ere ematen ditu".
2025ean, 241 pertsonak erabili zuten uneren batean Bidelan jantokia; 40.537 erabilera erregistratu ziren bazkari eta afarietan, eta Arkupeetako aurreko jantokiak, berriz, 21.037 erabilera izan zituen urtean. Horrek esan nahi du %92,7ko hazkundea izan dela, eta arretarako gaitasunaren eta dagoen eskariaren hazkundea islatzen du.
BAZKARI ETA AFARI OSOAK
Bidelanek bazkari eta afari osoak eta osasungarriak eskaintzen ditu urteko egun guztietan, astelehenetik igandera, 14:00etatik 15:00etara eta 20:00etatik 21:00etara. Gainera, baliabide berriak aurreko jantokian ez zegoen prestazioa gehitu zuen: afari zerbitzuan ematen den gosari hotza; horri esker, erabiltzaileek eguneko hiru otordu nagusietarako estaldura dute.
Janaria prestatzeko baldintzak betetzen ez dituzten, kaleko egoeran dauden, beren elikagaiak prestatu ezin dituzten edo oinarrizko elikadura beharrak asetzeko diru sarrera nahikorik ez duten adin nagusiek eskatu dezakete udak jantokira sarbidea. Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako edozeinen, Gizarteratze Zerbitzuaren edo Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuaren bidez izapidetzen da eskaera, gizarte langileak balorazio profesionala egin ondoren. Jantokira sartzeko baimena balorazio hori egiten den egun berean ere eman daiteke.
Elikadura arretaz gain, Bidelan proiektuak gizarteratze eta laneratze dimentsioa ere barne hartzen du. Eraikin berean, gaitasunak eskuratzen eta parte hartzaileak komunitatearekin konektatzen laguntzeko ikastaroak eta jarduerak egiten dira. Prestakuntza arloen artean, besteak beste, sukaldaritza, patroigintza, ile apainketa eta alfabetatze digitala sartzen dira, eta, beraz, udal baliabideak oinarrizko beharrei berehalako erantzuna ematea eta autonomia eta gizarteratze prozesuak errazteko jarduerak uztartzen ditu.