Araba

Gasteizko Udalak ia 408.000 euroan esleitu ditu Ariznabarran 77 aparkaleku berri eraikitzeko lanak

Ariznabarra auzoan aparkaleku berri hori eraikitzea Gasteizko Udal Gobernuak eta EH Bilduk adostutako aurrekontu akordioan jasotako konpromisoetako bat da
Gasteizko Udalak ia 408.000 euroan esleitu ditu Ariznabarran 77 aparkaleku berri eraikitzeko lanak. / Utzitakoa

Gasteizko Udalak Guinaldura S.L. enpresari esleitu dizkio, 407.834 euroren truke, Ariznabarra auzoko Mediterraneoa hiribidean aparkaleku publiko berria eraikitzeko obrak. Jarduketaren bidez, 77 aparkaleku berri egokituko dira eta 3.270 metro koadroko udal partzela urbanizatuko da.

Udal gobernu batzordeak ostiral honetan onartu du lanok esleitzea, eta bost hilabeteko epea izango da burutzeko. Aparkaleku berria Mediterraneoa hiribideko 37 zenbakian egongo da, Santa Klara parrokiaren ondoan, Ariznabarra eta Zabalgana arteko mugan.

Miren Fernandez de Landa Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak adierazi duenez, "esleipen honekin, Ariznabarra auzoko bizilagunek helarazi diguten eskaerari erantzuteko urrats bat gehiago egin dugu. Badakigu inguru honetan aparkatzea zaildu egin dela, bereziki TAO San Martin auzora zabaldu zenetik, eta 77 aparkaleku berri horiek egoera arintzen lagunduko dute".

Plaza guztietatik bi mugikortasun urriko pertsonentzat erreserbatuko dira, eta beste bi ibilgailu elektrikoak kargatzeko erabiliko dira. Aparkalekuak bi sarbide bereizi izango ditu Mediterraneoa hiribidetik, bata sartzeko eta bestea irteteko, eta barruko zirkulazio zirkuitu bat noranzko bakarrean.

Proiektuak berdeguneen 1.000 metro koadro baino gehiago sortzea ere barne hartzen du, zuhaitz, zuhaixka eta soropil berriekin, baita oinezkoentzako pasealeku perimetral irisgarria ere. Aparkalekuak euri ura iragazten laguntzen duen soropil sistemarekin eraikiko dira, eta barruko bideak, berriz, asfaltatuta egongo dira.

Ariznabarra auzoan aparkaleku berri hori eraikitzea Gasteizko Udal Gobernuak eta EH Bilduk adostutako aurrekontu akordioan jasotako konpromisoetako bat da.

16/11/2026