Gasteizko Udaleko gobernu batzordeak Arabako Familia Zaintzaileen eta Mendekotasuna duten Pertsonen Elkartearekin (ASCUDEAN) lankidetza hitzarmena sinatzea onartu du ostirasl honetan, zaintzaileei eta mendekotasuna dutenei zuzendutako laguntzako programak, osasuna sustatzekoak, sentsibilizaziokoak eta atsedenekoak garatzeko. Udalaren ekarpena 73.918 eurokoa izango da, eta familia zaintzaileen eta, ondorioz, egunero arreta ematen dieten mendeko pertsonen bizi kalitatea hobetzera bideratutako proiektu integralari jarraipena ematea ahalbidetuko du.
Gasteizko Udalak jakinarazi duenez, hitzarmenak bi jarduera ildo nagusi garatzea aurreikusten du. Alde batetik, familiak atseden hartzeko eta aisialdiko eta denbora libreko jarduerak egiteko programa dago, zaintzaile askok aurre egin behar izaten dien gainkarga fisikoa eta emozionala arintzeko; bestetik, osasuna sustatzeko programa dago, mendekotasuna duten pertsonak zaintzen dituzten familiei modu espezifikoan zuzendua.
Gainera, proiektuak sentsibilizazio, dibulgazio eta aitortza sozialeko ekintzak ere jasotzen ditu, familia zaintzaileen errealitatea ikusarazteko eta senideen eguneroko zaintzan egiten duten funtsezko lanari balioa emateko.
Aurreikusitako ekimenen artean daude ekintza komunitarioko jarduerak, boluntariotzako eta konpromiso sozialeko programak, arreta pertsonalizatua eta zaintzarako laguntza, autozainketako eta osasuneko jarduerak, familia zaintzaileentzako prestakuntza espezifikoa eta zaintzako eta dolu prozesuetako balorazioarekin eta tratamendu fisikoarekin lotutako laguntza programak.
ASCUDEANek, gainera, lan arloko bitartekaritzako programa garatzen jarraituko du, familia zaintzaileak etxeko arretan eta zaintzan oinarritutako prestakuntza espezializatua duten profesionalekin harremanetan jartzeko.
Gizarte Politiken zinegotzi Lucho Royerok nabarmendu du oso garrantzitsua dela familia barruko zainketen zati handi baten euskarri direnei emandako laguntza instituzionala indartzea: "Zaintzaileek ezinbesteko lana egiten dute, askotan isilean eta karga fisiko eta emozional handiarekin. Udaletik haien ondoan egoten jarraitu nahi dugu, haien ongizatea eta bizi kalitatea hobetzen lagunduko duten baliabideak, laguntza eta atsedenerako txokoak eskainiz".
Zinegotziak ASCUDEANek egiten duen lanaren balio komunitario eta soziala ere azpimarratu du. "Hitzarmen honek familia zaintzaileen behar zehatzei erantzutea ez ezik, gizartea sentsibilizatzea ere ahalbidetzen du. Izan ere, errealitate horrek pertsona askori eragiten dio eta aitortza, erantzunkidetasun eta laguntza kolektiboa behar ditu", gaineratu du.