Araba

Gasteizko Udalak 470.000 euro banatuko ditu osasun sentsibilizazio, prebentzio eta sustapen proiektuetarako laguntzetan

Erakundeek programa batera edo bietara aurkeztu ahal izango dituzte eskaerak
Gasteizko Udalak 470.000 euro banatuko ditu osasun sentsibilizazio, prebentzio eta sustapen proiektuetarako laguntzetan. / Utzitakoa

Gasteizko Udaleko gobernu batzarrak gaixotasunak prebenitzeko eta sentsibilizatzeko, osasuna sustatzeko eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko proiektuetarako diru laguntzen deialdiaren oinarriak onartu ditu ostiral honetan, eta Osasun Publikoaren Udal Zerbitzuak 470.000 euro banatuko ditu 2027. urtean.

Ana Lopez de Uralde Osasun zinegotziak azaldu duenez, "deialdi honen bidez, eremu soziosanitarioko irabazi asmorik gabeko elkarte, fundazio eta erakunde pribatuek egiten duten lana babestu nahi dugu, funtsezkoa baita gaixotasunen prebentzioan, osasunaren sustapenean eta Gasteizko herritarren bizi kalitatearen hobekuntzan aurrera egiteko. Osasun Publikoaren Udal Zerbitzutik beren proiektuak garatzen eta gehien behar duten pertsonei ematen dieten arreta indartzen lagundu nahi dugu".

Laguntza lerroak bi programa jasotzen ditu: bata, osasun arlokoa eta 446.500 euroko ekarpenarekin, patologia kronikoak edo gaixotasun arraroak dituzten pertsonak artatzeko eta errehabilitatzeko, kaltetutako pertsonen familientzako zerbitzuetarako eta herritarrak oro har edo kolektibo espezifikoak gaixotasun kronikoen inguruan sentsibilizatzeko edo informazioa zabaltzeko; bigarrenak, ikastetxeetan osasuna sustatzearekin lotutakoak, 23.500 euro izango ditu.

Lehen programaren esparruan, diruz lagunduko dira gaixotasunei buruzko aholkularitza eta informazioa emateko jarduerak, laguntza psikologikoa, terapia okupazionala, autolaguntzako taldeak, osasunaren sustapenari buruzko publizitate kanpainak, arreta podolologikoa, kaltetutako pertsonen eta haien familien bizi kalitatea hobetzen laguntzen duten tailerrak, eta errehabilitazio logopedikoa, kognitiboa eta fisioterapeutikoa, besteak beste.

Bigarren programaren bidez emango den diru laguntza ikastetxeetan garatuko diren proiektuetara bideratuko da. Proiektu horiek gaixotasunen inguruko sentsibilizazioa eta prebentzioa, osasunaren sustapena eta gaixotasunekiko estigma soziala murriztea izango dituzte ardatz.

Erakundeek programa batera edo bietara aurkeztu ahal izango dituzte eskaerak. Lehenengoaren gehieneko diru laguntza 47.000 eurokoa izango da, eta 10.000 eurokoa bigarrenean.

23/11/2026