Gasteizko Udaleko Parte Hartze Zerbitzuak 2026. urterako udal aurrekontua prestatzeko herritarren ekarpenak jasotzeko prozesua jarri du martxan. Gainera, Kontseilu Sozialak bere txostena idazteko beharrezko informazioa jasoko du prozesu parte hartzailearen bidez.
Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez, bi helburu nagusi ditu prozesuak. Alde batetik, udal aurrekontuaren proiektuan eragin nahi du. "Herritarren partaidetzaren bidez, datorren urterako udal-kontuak diseinatzeko garaian bizilagunek dituzten proposamenak eta lehentasunak jaso nahi ditugu", zehaztu du Miren Fernsndez de Landa Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotziak.
Beste alde batetik, 2025eko proposamenen betetze maila berrikusi nahi da. Orain urtebete egindako parte hartze prozesuan, herritarrek egindako proposamenak eta iradokizunak jaso ziren eta hainbat udal sailek erantzuna eman diete; bada, orain, aurten zer proposamen gauzatu ahal izan den eta gauzatzeke zein dauden aztertuko dute.
HAMAR AUZOGUNE
Horrela, hamar auzogune bilduko dira bi astez: Zabalgana, Salburua, Hegoalde, Iparralde, Judimendi, Aldabe, Pilar, Ibaiondo, Lakua eta Abetxuku. Prozesua astelehenean jarri zen abian Salburuko auzogunean, eta hiriko gainerako eremuetan aurrera jarraituko du; astearte honetan Aldaberen txanda izango da.
“ ”
Fernandez de Landaren hitzetan, "herritarren parte hartzea ezinbestekoa da udal- olitika eta proiektuek komunitatearen benetako beharrak islatuko dituztela bermatzeko. Prozesu honekin bat egin eta beren ideien bidez udalerria hobetzen lagundu nahi duten pertsona guztiak gonbidatu nahi ditugu".