Araba

Gasteizko Udal Musika Bandak 'Somnium' kontzertua eskainiko du Rodolfo Epelderekin eta Udal Txistulari Bandarekin

Bandak lehen aldiz intrepretatuko ditu obra guztiak
Gasteizko Udal Musika Bandak 'Somnium' kontzertua eskainiko du Rodolfo Epelderekin eta Udal Txistulari Bandarekin.
Gasteizko Udal Musika Bandak 'Somnium' kontzertua eskainiko du Rodolfo Epelderekin eta Udal Txistulari Bandarekin. / Utzitakoa

Actualizado hace 4 minutos

Gasteizko Udal Musika Bandak Somnium izenburuko kontzertua eskainiko du asteazkenean, otsailaren 4an, Arabako hiriburuko Europa Jauregi, eta "txoko historikoak eta paisaia emozionalak zeharkatzen dituen errepertorioa" eskainiko du, Rodolfo Epelde bakarlaria eta Gasteizko Udal Txistulari Banda lagun dituela.

Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko Udaleko Kultura zinegotziak, Iker Olazabal kontzertuaren zuzendariak eta Rodolfo Epeldek aurkeztu dute emanaldia astelehen honetan egindako prentsa agerraldian.

Iragarri dutenez, Cape Horn (Otto M. Schwarz), The Seal Lullaby for Band (Eric Whitacre), Via Claudia (Johan de Meij), Zubieta (Tomas Garbizu) eta Symphony No. VI The Blue Marble (Julie Giroux) konposizioak entzun ahal izango dira 19:30ean hasiko den kontzertuan. Bandak lehen aldiz intrepretatuko ditu obra guztiak.

"Programak indar kontrajarriak jarriko ditu elkarrizketan, hala nola indarkeria eta samurtasuna edo historia eta etorkizuna, musika izan ginen horren ispilu zein izan gaitezkeenaren iparrorratz izan daitekeela gogorarazteko. Premisa erakargarriena da, eta ziur nago aurreikuspenak ere gaindituko dituela", esan du Diaz de Corcuerak.

Bestalde, Olazabalek adierazi duenez, "gure publikoa harritu eta hunkitzea gustatzen zaigu, eta horixe bera da, hain zuzen ere, kontzertu honen asmo bikoitza". Zehaztu duenez, 'Cape Horn' obrak "hizkuntza distiratsu eta ia zinematografikoarekin inguratuko gaitu", eta 'The Seal Lullaby' lanak, aldiz, "hunkitu egingo gaitu bere sentiberatasun delikatuari esker".

Halaber, 'Via Claudia' konposizioak "bere instrumentazioaren aberastasunagatik eta koloreagatik liluratuko gaitu", eta Garbizuren 'Zubieta' lanak "harritu egingo gaitu estiloen arteko fusio egokiagatik". "Azken sinfoniak amaiera emango dio programari Julie Girouxen lengoaia pertsonal eta landua maisutasunez sintetizatuz", azaldu du Olazabalek.

EPELDE

Gasteizko Udal Musika Banda ez da bakarrik egongo kontzertuan, Rodolfo Epelde bakarlaria ondoan izango baitu. Epeldek berak aitortu duenez, "proiektu honek ilusio handia egiten dit, etxera itzultzeko aukera ematen baitit, Gasteizko Udal Bandarekin lankidetzan aritzeko. Gainera, bandan lagun eta ikasle ohi asko ditut".

Asteazkeneko kontzertuan bi instrumentu joko ditu musikariak, hain zuzen ere, tronpa 'Cape Horn' obran eta Alpeetako tronpa 'Via Claudia' eta 'Zubieta' konposizioetan.

"Alpeetako tronpa tresna ia ezezaguna da hemen, eta bere antzinako soinuak Gipuzkoako haran sakon eta berdeak gogora ekarriko dizkigu, Alpeetako bailaren antzeko landa tradizioari eusten baitiote. Johann de Meij konpositoreak 'Via Claudia' lanean sentsazio hori transmititzea lortzen du, eta Tomas Garbizuk Europa erdialdeko instrumentu horren aukerak 'Zubieta' konposizioaren erritmo eta instrumentu euskaldun tipikoetara egokitzea lortzen du", azaldu du.

Azken abesti hori Gasteizko Udal Txistulari Bandak ere joko du. Taldea ikasturte honetarako erronka berrian murgilduta dago: programazio propioa eta kolaborazioak areagotzea. Azken horrekin lotuta dago, hain zuzen ere, kontzertu hau.

2026-02-03T20:55:41+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo