Araba

Gasteizko Udal Musika Bandak eta Manuel Iradier Abesbatzak Tomas San Miguelen obra bat estreinatuko dute urrian

Luis Orduñak zuzendutako programa bi zatitan banatuko da
Gasteizko Udal Musika Bandak eta Manuel Iradier Abesbatzak Tomas San Miguelen obra bat estreinatuko dute urrian. / Utzitakoa

Gasteizko Udal Musika Bandak eta Manuel Iradier Abesbatzak Tomas San Miguel konpositore gasteiztarraren 'Iluminatio. Virgen Blanca/Madre del Silencio' izenburuko obra estreinatuko dute Arabako hiriburuko Santa Maria Katedralean. Urriaren 1ean eta 2an izango dira emanaldiak, 'Isiltasunaren Musika', eta Andre Maria Zuriaren Kofradiaren lankidetzari esker antolatu dira.

Sonia Diaz de Corcuera Gasteizko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotziak, Luis Orduña Gasteizko Udal Musika Bandako zuzendariak, Ricardo Saez de Heredia Andre Maria Zuriaren Kofradiako abade emerituak eta Estitxu Delgado eta Leire Betolaza Manuel Iradier Abesbatzako zuzendarikideek aurkeztu dute kontzertua.

Luis Orduñak zuzendutako programa bi zatitan banatuko da. Lehenengoan, bandak bakarka joko du eta David Maslankaren 'Requiem' eta Bert Appermonten 'In Memoriam' interpretatuko ditu. Bi konposizioak lehen aldiz entzungo dira udal taldearen errepertorioan.

Bigarren zatian Manuel Iradier Abesbatza sartuko da, eta bandak eta koruak Karl Jenkinsen 'El Hombre armado. Una misa por la paz' laneko 'Better is Peace, Tomas San Miguelen 'Iluminatio. Virgen Blanca/Madre del Silencio' eta Luis Arambururen 'Plegaria a la Virgen Blanca' tradizionala eskainiko dituzte.

Programaren berritasun nagusia Tomas San Miguel musikagile gasteiztarrari egindako 'Iluminatio. Virgen Blanca/Madre del Silencio' lanaren enkarguaren erabateko estreinaldiaizango da. Obra Andre Maria Zuriari eta Gasteizi egindako omenaldi gisa sortu da, Gasteizko Udal Musika Bandari eskaintza berezia eginez.

"Edizio honetako plater nagusia Tomas San Miguel Gasteizko konpositore garrantzitsuenetako baten lanaren estreinaldia izango da. Gure hiriari eta bere tradizioari oso lotuta dagoen obra da, eta, gainera, 2027an jarraipena izango duen lankidetza irekiko du; izan ere, datorren urtean formatu handiagoko bere beste konposizio baten estreinaldia izango da entzungai", azaldu du Luis Orduñak.

Manuel Iradier Abesbatzaren parte hartzeari esker, kontzertuaren "soinu eta emozio dimentsioa" zabaldu ahal izango da, bereziki Santa Maria Katedralaren akustika eta izaera monumentala aprobetxatzeko prestatutako bigarren zatian.

Gonbidapenak irailaren 28tik aurrera jaso ahal izango dira, 11:00etatik 13:00etara. Kofradiakideek Farolen Museora joan beharko dute (Zapatari kalea, 35), eta publiko orokorrak Musiketxean jaso beharko ditu gonbidapenak (San Antonio kalea, 14).

24/09/2026