PSE-EEk eta EAJk osatutako Gasteizko Udal Gobernuak akordioa lortu du EH Bildurekin eta, horrela, 2026. urteko udal aurrekontua onartu ahal izango da, 507,5 milioi eurokoa, hain zuzen ere. Hirugarren urtez jarraian lortu dute aurrekontu akordioa bi aldeek.
Maider Etxebarria alkateak positibotzat jo du ituna, eta nabarmendu du "merezi" duela Udal Gobernuarekin adostasunak hitzartzea, "emandako hitza betetzea eta lehentasunezko helburu hau baititu ardatz: hiriak aurrera egitea. Horixe eskatzen digute herritarrek, eta horixe ari gara lortzen".
Bere hitzaldian, alkateak azaldu du aurrekontuen negoziazioan Udal Gobernuak une oro jardun duela "eskua luzatuta, inposiziorik gabe, gure proiektua ona zela ulertuta, baina zuzenketen bidez ere hobetu zitekeela jakinda. "Akordioa lortu badugu, Gobernu honek bere hitza betetzen duelako, ibilbide orri argia duelako eta adosten badakielako da", azpimarratu du Etxebarriak.
Behin akordioa itxita, Gasteizek inoizko aurrekonturik handiena izango du 2026an, 507,5 milioi eurokoa, "bizilagunen beharrei erantzuteko, kalitatezko zerbitzu publikoak izaten jarraitzeko eta mahai gainean ditugun proiektuei ekiteko".
“ Horixe eskatzen digute herritarrek, eta horixe ari gara lortzen. – Maider Etxebarria ”
Zentzu horretan, Gasteizko alkatea pozik agertu da aurrekontu "sendoa" adostu dutelako, "bizi kalitate handiko hiriarekin bat datorrena eta bultzada inbertitzaileari eutsi diona".
EH Bildurekin adostutako ituna transposizio bidezko zuzenketa batzuetan jasoko da. Zuzenketa horiek asteazkenean onartuko dituzte Ogasun Batzordean, eta hiriko kontuen izaera soziala eta hiritarra indartuko dituzte. Horien artean, Gamarran errugbiaren hiria sortzeko, komun publiko berriak jartzeko, kaleratzeak prebenitzeko bulegoa martxan jartzeko edo Ariznabarrako bizilagunek eskatutako aparkaleku berria egokitzeko kontu sailak jasoko dira.
UDAL GOBERNUA
Era berean, PSE-EEk eta EAJk osatutako Udal Gobernuak diseinatutako aurrekontu proiektuan jada jasota dauden etorkizuneko proiektuekin aurrera jarraitzea bermatzen du, hala nola Zabalganako tranbia, Auzoen Plana, hiri autobusen flota berritzea, Aldabe gizarte etxea eraberritzea edo Goya gasolindegia birgaitzea.
“ Bizilagunen beharrei erantzuteko, kalitatezko zerbitzu publikoak izaten jarraitzeko eta mahai gainean ditugun proiektuei ekiteko" ”
EH Bilduri dagokionez, Rocio Vitero udal bozeramaileak nabarmendu du "akordio on bat" lortu dutela "gasteiztarron ongizatea eta bizi kalitatea hobetzeko". "Aurreko urteetan abiatutako ibilbidean sakontzen dugu babes soziala handituz, etxebizitza eskuratzeko aukerak hobetuz, tokiko ekonomia sustatuz eta jasangarritasunean aurrera eginez", gaineratu du.