Actualizado hace 8 minutos
Arabako Kroketaren I. Astea hartuko du Vitoria-Gasteizek otsailaren 27tik martxoaren 8ra. Ekimen horren helburua lurraldeko ostalaritza sustatzea da, belaunaldi guztietako publikoaren artean oso harrera ona duen pintxo klasiko hori erdigunean jarrita.
“Gasteizko Udalak gure hiriko ostalaritza-establezimenduak dinamizatzen eta ikusarazten lagunduko duen ekitaldi gastronomiko berritzaile hau babesten du”, adierazi du Gasteizko Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotzi María Nanclaresek.
Ekimenean parte hartzeko epea ostiralean, otsailaren 6an, amaituko da. Proposamen honekin bat egiten duten ostalariek beren indarrak neurtuko dituzte lurraldeko kroketarik onenaren saria eskuratzeko. Lehiaketan era guztietako osagaiak eta elaborazioak egongo dira baimenduta, eta kroketa tradizionalak edo berritzaileak aurkeztu ahal izango dira, baita glutenik eta laktosarik gabeko bertsioak ere.
Kroketa Asteko dastatze-fasea amaitu ondoren, 12 kroketa finalistak Lehiaketaren Finalera deituko dira, martxoaren 9an, astelehenean, 16:00etan, Gasteizko Abastos Merkatuko Sukaldaritza Gelan.
Finala amaitzean, antolatzaileek honako sari hauek banatuko dituzte: ‘Lehen saria’, ‘Bigarren saria’, ‘Hirugarren saria’, ‘Sormenaren eta berrikuntzaren saria’, ‘Kroketa edo frijitu tradizionalaren saria’, ‘Frijitze-puntu onenaren saria’, ‘Krematsutasun handienaren saria’ eta ‘Uztartze onenaren saria’.
Ekimena Harinas Urdanoz enpresak bultzatzen du Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta SEA Ostalaritzaren babesarekin.
Lehiaketa hau irabazten duen kroketak Euskal Herriko Kroketa Txapelketaren finalerako zuzeneko pasea lortuko du. Txapelketa hori urtero egiten da Gasteizen, “Kroketak.eus” izeneko ekintzailetza-proiektuaren baitan. Horren lantegia Jundizeko Udal Enpresen Hazitegian dago, eta produktuak Gasteizko Abastos Merkatuan eskaintzen ditu.