Actualizado hace 11 minutos
Lekeitiok Gabonetako egitarau zabala prestatu du aurten ere, abenduaren 18tik urtarrilaren 6ra arte luzatuko den programazioarekin. Egun horietan zehar, herriko kaleek, plazek eta hainbat espaziok kultura, musika, kirola eta haurrei zuzendutako jarduerak hartuko dituzte.
Egitaraua abenduaren 18an abiatuko da. Goizean Marijesiak abestuko dira herriko kaleetan zehar, eta eguerdian, ikastolatik irtenda, oles aroa izango da kalez kale. Arratsaldean, Jon Granderen grabaketak ikusi ahal izango dira Ikusgarri zine aretoan, eta iluntzean, Musikaia musika eskolak antolatutako XII. Gabon Kontzertua eskainiko da Andra Mari elizan.
Abenduaren 19an, Olentzero Egunarekin batera, herriko kaleetan giro berezia sortuko da. Goizean Olentzero joaldun eta galtzagorriekin aterako da, eta ondoren HH Kantari ekimena egingo da Kalerrik kalean. Eguerdi aldera, Olentzero eta Mari Domingi ikastolako frontoira iritsiko dira.
Hurrengo egunetan, abenduaren 20an, xake txapelketa jokatuko da Eskolape aretoan, eta eguerdian Amumaren Karakol Eguna ospatuko da. Arratsaldean, ‘Eguberri kontuak’ antzezlana eskainiko da Azkue aretoan.
Abenduaren 21ean, ohikoa den San Tomas azoka egingo da, eta arratsaldean eskuz binakako txapelketa ospatuko da Santi Brouard frontoian.
Abenduaren 23an, Olentzero eta Mari Domingiren jaia egingo da. Egun horretan txokolatada eta jolasak Egongo dira, eta ondoren kalejira egingo dute plazaraino. Abenduaren 24an, berriz, Gabonetako kantuak entzungo dira herrian zehar, Trakatan-Trakatan kultur elkarteak antolatuta.
Gabon eguna ondoren, kirolak hartuko du protagonismoa. Horrela, abenduaren 26an, boleibol Gabon Kopa jokatuko da Santi Brouard kiroldegian, eta arratsaldean Txiki Rock kontzertua izango da Ikusgarri zine aretoan. Gauean, Gabonetako kantuak abestuko dira herriko hainbat gunetan.
Abenduaren 27an, boleibol txapelketa nagusiak eta Gabonetako futbol topaketa egingo dira, eta arratsaldean ikuskizuna izango da Ikusgarri zineman.
Urtea amaitzeko, abenduaren 31n, San Silbestrea ospatuko da plazan, eta eguerdian Gabon zaharreko kalejira egingo da Kalerrik kaletik.
Urtarrilaren 3an, haur eta gazteentzako jolasak antolatuko dira Santi Brouard frontoian, euskal mitologian oinarrituta. Eta urtarrilaren 5ean, ohiko Hiru Erregeen kabalgata egingo da herrian zehar. Azkenik, egitaraua bukatzeko, urtarrilaren 6an, Bonbiloneko erregeen kalejira egingo da.