Arabako Foru Aldundiko Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak 2026ko abenduaren 31ra arte izango du irekita erabilera profesionaleko gasolioagatik hidrokarburoen zergaren zati baten itzulketaren onuradun ez diren garraio sektoreko profesional autonomoentzako eta enpresentzako zuzeneko laguntzak eskatzeko epea. Eskaera Arabako Foru Aldundiaren Egoitza Elektronikoan aurkeztu ahal izango da.
Zuzeneko laguntzen lerro berri hori ekainaren 29ko 18/2026 Errege Lege Dekretutik sortu da; izan ere, dekretu horren bidez Ekialde Hurbileko Krisiari Erantzuteko Plan Integralaren esparruan hainbat neurri onetsi eta luzatzen dira, energia jasangarritasuna sustatzeko, industriari laguntza emateko eta gizarte babesa indartzeko helburuarekin. Foru Aldundiak deialdia kudeatu eta dirulaguntzak aurreratzen ditu, eta, ondoren, Estatuaren konpentsazioak jasotzen ditu.
Laguntza programa Araban egoitza fiskala duten langile autonomoei eta nortasun juridikoa duten sozietateei zuzenduta dago, baldin eta VDE, VT, VTC, VSE, MDPE eta MDLE motetako garraio baimen baten titularrak badira, erabilera profesionaleko gasolioaren hidrokarburoen gaineko zergaren zati baten itzulketaren onuradun ez badira eta 2026ko urriaren 1ean Garraio Enpresen eta Jardueren Erregistroan alta emanda badaude.
Halaber, laguntza hau eskatu ahal izango dute Ibilgailuen Erregelamendu Orokorraren erabilera irizpideen araberako sailkapenean hiri autobus gisa ageri diren ibilgailuen titularrek, baldin eta gasolio profesionalaren hidrokarburoen gaineko zergaren itzulketa partzialaren onuradun ez badira, 2026ko urriaren 1ean Trafikoko Buruzagitza Nagusiaren Ibilgailuen Erregistroan alta emanda badaude eta zerga egoitza Araban badute.
Azkenik, laguntza hau eskatu ahal izango dute VT motako garraio baimena duten titularrek ere, baldin eta baimen horri taxi egokitu bat edo Eurotaxi bat atxikita badute, 2007ko azaroaren 23ko 1544/2007 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriz. Horrez gain, 2026ko irailaren 30ean Garraio Enpresen eta Jardueren Erregistroan alta emanda egon beharko dute, eta ezingo dira agertu gasolio profesionalaren itzulketen onuradunen eta haien titulartasuneko ibilgailuen erroldan inskribatuta.