Araba

Foru Aldundiak eta BUILD:INN klusterrak eraikuntza sektorean enplegua sustatzeko programa bat abiarazi dute

Cristina González: "Langabezian dauden pertsonei eta birziklatu behar direnei lan irtenbide bat eskaini nahi diegu langile kualifikatuak behar dituen sektore indartsu batean"
Foru Aldundiak eta BUILD:INN klusterrak eraikuntza sektorean enplegua sustatzeko programa bat abiarazi dute.
Foru Aldundiak eta BUILD:INN klusterrak eraikuntza sektorean enplegua sustatzeko programa bat abiarazi dute. / Utzitakoa

Actualizado hace 2 minutos

Arabako Foru Aldundiak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Eraikuntzaren Klusterrak (BUILD:INN) ekimen berri bat jarri dute abian, eraikuntzaren sektorean kalitatezko enplegua sustatzeko, orientazio pertsonalizatua, prestakuntza teknikoa eta bitartekaritza eta profesional kualifikatuak behar dituzten enpresak uztartzen dituen programa integral baten bidez.

Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatu Cristina Gonzálezek eta BUILD:INNeko presidente Alberto Marínek proiektu horren ardatzak aurkeztu dituzte gaur. Proiektu horri bihar emango zaio hasiera, "Talentua eta enplegu aukerak eraikuntzan Araban" jardunaldiarekin. Jardunaldia Artium Museoan egingo da, eta sektorearekin zerikusia duten eragile publiko eta pribatuek eta interesa duten pertsonek parte hartuko dute.

Cristina Gonzálezek azaldu duenez, ekimen hau bi helbururekin sortu da: "eraikuntzan esperientzia duten eta langabezian dauden arabarrei lan aukera bat eskaini, baita lan merkatura itzultzeko birziklatu behar diren pertsonei ere; eta, aldi berean, plantilla zahartua duen sektore indartsu batean profesional kualifikatuen premiak asetu".

"Programa integrala da, eta parte hartzen duten pertsona eta enpresen eskura jartzen du beren helburuetarako baliagarriak diren tresnen katalogo zabala: orientazioa eta laneratzeko ibilbide pertsonalizatuak, pertsona bakoitzaren gaitasunetara eta enpresen eskaeretara egokitutako prestakuntza, eta parte hartzaileen eta enpresen arteko bitartekaritza, enplegagarritasuna izaki azken helburua", zehaztu du foru diputatuak.

Bestalde, BUILD:INN Euskal Autonomia Erkidegoko Eraikuntzaren Klusterreko presidente Alberto Marínek adierazi du klusterrak Araban profil profesional berriak dinamizatzen lagundu nahi duela, bai obrari lotuta, bai sektorea sartzen ari den gaitasun tekniko berriei lotuta, haren bilakaerari erantzuteko.

Eraikuntza prozesuen berrikuntzari, teknifikazioari eta egokitzapenari gero eta lotuago dagoen aldaketa da, funtsezko profil jakin batzuk betetzea zaila den une honetan, eta, aldi berean, eraikuntzaren industrializaziorako profilak prestatzen hasi behar da.

"Testuinguru horretan, halako ekimenek aukera ematen dute sektorean sartzeko eta pertsonak garatzeko eta industrializaziorantz eraldatzeko benetako aukerak dituen ingurune profesional batean sartzen laguntzeko. Aldi berean, enpresen behar argi bati erantzuten laguntzen dute: profil berriak sartzea eta jarduera jarraituko une batean haien jarraitutasuna ziurtatzea", azpimarratu du.

Orientazioa, prestakuntza eta bitartekaritza

Artium Museoak, bihar, asteartea, 9:00etatik aurrera, proiektua abiarazteko jardunaldia egingo du, proiektuaren edukia gizarte eragileei, enpresei eta parte har dezaketen pertsonei jakinarazteko, adituen eskutik sektoreak digitalizazioan eta jasangarritasunean dituen erronkak ezagutzeko, eta eraikuntzarekin lotutako Arabako 2.500 enpresa inguruk gaur egun behar dituzten lanbide profilak aztertzeko.

Proiektuaren lehenengo fasean, parte hartzaileak hautatu ondoren, bakoitzaren azterketa eta ebaluazio indibiduala egingo da, laneratzeko ibilbide pertsonalizatu bat definitzeko, haien premien, prestakuntzaren eta gaitasunen arabera. Ibilbide horrek zehaztuko ditu zer lanbide heziketa behar den eta zein izan daitezkeen lanpostu objektiboak eta enplegagarritasuna hobetzeko ekintzak.

Lan bitartekaritza hurrengo etapa izango da enpresen eta hautagaien arteko distantzia murrizteko. Fase honetan sartzen da enpresa laguntzaileak identifikatzea (eraikuntza enpresak, birgaitze enpresak, etab.) eta haien benetako kontratazio beharrak identifikatzea; sektoreko lan poltsa bat sortzea, enpresen profilak eta eskaerak lotuko dituena, eta elkarrizketak eta hautaketa prozesuak kudeatzea.

Programaren hirugarren fasea prestakuntza teknikoa izango da, parte hartzaileei sektorearen egungo eskaerei erantzuteko behar dituzten gaitasunak emateko. Horretarako, prestakuntza plan bat diseinatuko da, berehalako enplegagarritasunera bideratua, kasu bakoitzaren beharren arabera (lanbide tradizionalak, birgaitzea, energia efizientzia, lan arriskuen prebentzioa, etab.), eta modulu teorikoak eta praktikoak emango dira Lanbiderekin lankidetzan.

Programa 2026. urtearen amaierara arte garatuko da, eta itxiera jardunaldi bat izango du, emaitza kuantitatiboak eta kualitatiboak aurkezteko, parte hartzen duten pertsona eta enpresen testigantzekin.

2026-04-05T18:06:37+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo