Actualizado hace 3 minutos
2023an jarri zuten abian Bermeoko, Mundakako eta Sukarrietako udalek, Behargintza eta Turismo bulegoaren elkarlanean Eskueran egitasmoa. Hori dela eta, hamalau establezimenduk aintzatespena jasoko dute datorren astelehenean, martxoaren 16an, arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko egindako aurrerapausoengatik. Eskertza ekitaldia 20.00etan izango da Bermeoko Toki Alai tabernan, eta hiru udalerrietako ordezkariek parte hartuko dute bertan.
Aitortza horren bidez, udalek nabarmendu nahi dute tokiko establezimenduek euskararen presentzia eta erabilera indartzeko erakutsitako konpromisoa. Guztira, 70 establezimendu inguruk parte hartu dute Eskueran egitasmoan, eta asteleheneko ekitaldian horietako hamalauk jasoko dute beren ahalegin eta aurrerapenen aitortza, hau da, gehien nabarmendu direnak.
Ekimenaren helburua da tokiko eremu sozioekonomikoan euskararen presentzia sendotzea, bereziki merkataritzan, ostalaritzan eta bestelako jarduera ekonomikoetan hizkuntza praktikak sustatuz.
Hiru ardatz nagusi
Horretarako, hiru ardatz nagusi ditu egitasmoak: euskararen egoera ezagutzea eta hizkuntza-praktika berriak indartzea; bezero euskaldunek hizkuntza aldatu beharrik ez izatea; eta baliabide egokiak eskainiz, establezimenduei euskararen erabilera handitzeko tresnak ematea. Horrez gain, Euskaraz barra-barra ikurra zabaltzea ere badu helburu: Euskaraz barra-barra ikurraren helburua kontsumitzaileak erdigunean jartzea da; izan ere, marka ezartzen duten establezimenduetan, bezeroek euskara erabili ahal izatea bermatuta izan behar dute.
Egitasmoaren garapenean, Ahize-AEK-ko teknikariak establezimenduetara hurbildu dira proiektuaren nondik norakoak azaltzera eta euskararen erabilera sustatzeko neurriak adostera. Horren ondoren, parte hartu duten negozio askok urratsak egin dituzte euskara beren eguneroko jardunean txertatzeko, eta udalek konpromiso hori aitortu nahi izan dute orain.
Helburua da, merkatarien, tabernarien, ostalarien, enpresen eta langileen arteko lankidetza indartzea, baita euskal hornitzaileen eta bezeroen arteko sareak aktibatzea ere. Era berean, herritarren hizkuntza-eskubideak aitortu eta errespetatzea sustatu nahi du, eta euskararekiko motibazioa eta sentsibilizazioa handitu gizartean.
Proiektuak, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa du, eta sustatzaileen arabera, “funtsezkoa” da lanaren garapena euskararekin lotzea. Eskualdeko errealitate soziolinguistikoa kontuan hartuta, hiru udalerriek uste dute eskualdearen garapen ekonomiko eta soziala euskararen bidez ere eraiki behar dela. Haien esanetan, “euskarak balio erantsia ematen dio lan munduari”, eta eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko ezinbestekoa da erakundeen, enpresen eta gizarte-eragileen arteko lankidetza, baita herritarren parte-hartze aktiboa ere, bezero edo kontsumitzaile moduan denda eta tabernetara joaten direnean, euskaraz eginez.