Araba

Euskadiko ordenagailu kuantikoak 64 proiektu garatzen lagundu du martxan daraman lehen urtean

aRTXIBOKO IRUDIA / EUROPA PRESS

Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazioaren Donostiako egoitzan instalatuta dagoen IBM Quantum System Two ordenagailu kuantikoak urtebete egin du martxan jarri zenetik, eta lehen 12 hilabeteotan 64 proiektu garatu dira, jarduera zientifikoa hazten joan da eta lehen enpresak hasi dira azpiegitura erabiltzen. Horrela, iazko urriaren 14an martxan jarri zenetik, ordenagailu kuantikoak hainbat ikerketa ildotan eta formakuntzan aurrera egiten lagundu du, eta beste urrats bat egin du enpresa sareari erabilera zabaltzearekin, Eusko Jaurlaritzaren arabera.

Juan Ignacio Perez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak azaldu duenez, "martxan jarri zenetik, IBM Quantum System Two ordenagailuak 64 ikerketa proiekturi lagundu die, eta unibertsitateetako eta zientzia eta teknologia zentroetako 444 ikertzailek dute bertara sartzeko aukera. Era berean, azpiegiturak bere ahalmenaren %50eko batez besteko erabilera izan du, eta martxoan %80ko gehieneko mailara iritsi zen".

Ordenagailu kuantikoaren jarduera BasQ (Basque Quantum) estrategiaren baitan dago. Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek sustatzen dute estrategia hori, IBMren lankidetzarekin. Sailburuak gogorarazi duenez, helburua da "Euskadik konputazio kuantikoaren arloan dituen gaitasun zientifikoak, teknologikoak eta enpresarialak garatzea".

"Donostia Quantum Valley edo Euskadi Quantum Valley dei dezakegun ingurune bat sortzen ari da. Ingurune hori ordenagailu kuantikoa erabiltzen duten enpresek eta ikertzaileek osatuko dute, baita mundu kuantikoari zuzenean lotutako enpresek ere, ingurune horri zerbitzuak eskainiz edo etorkizuneko ordenagailu kuantikoetarako produktuak garatuz", adierazi du.

Bada, lehen urtean garatutako ikerketa proiektuen artean, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), Tecnaliak eta DIPCk gidatutakoak nabarmentzen dira. Proiektu horiek sistema kuantikoak, materiaren egoera berriak eta konputazio algoritmoak aztertzen dituzte, eta batzuk Mondragon Unibertsitatearekin, Tecnumekin, MPC/CFPrekin eta beste ikerketa zentro batzuekin elkarlanean garatu dira.

Gainera, ikerketa jarduerari esker, Euskadiko sistema kuantikoarekin lotutako hamar argitalpen zientifiko egin dira. Argitalpen horietan, Donostiako IBM Quantum System Two ordenagailu kuantikoa zuzenean erabili da; munduko hiru ordenagailu kuantiko aurreratuenetako bat da, eta Europako lehena.

ENPRESAK

Lehen urteurrenarekin batera, BasQ estrategiaren nobedade nagusietako bat gauzatu da: lehen enpresak sartu dira azpiegitura erabiltzeko prozesuan, konputazio kuantikoak beren jarduera-eremuetan eskaintzen dituen aukerak aztertzeko.

Jaurlaritzak ordenagailu kuantikora enpresak eta administrazio publikoak sartzeko prozedura arautzen duen protokoloa aurkeztu zuen joan den uztailean, eta, lehen deialdian jasotako proposamenak aztertu ondoren, ebaluazio batzordeak enpresa proiektuetarako aurkeztutako hamaika eskaeretatik zortzi onartu ditu. Hautatutako lehen zortzi enpresak hauek dira: Global Data Quantum, LKS Next, Multiverse Computing, Akshar Innovation, Iberdrola, Amadeus, Moeve eta Gertek.

Nolanahi ere, sarbide prozedura irekita egongo da eskaera berriak aurkezteko, eta horiek etengabe ebaluatuko dira. Helburua da euskal enpresa sareari konputazio kuantikoaren aukerak ezagutaraztea eta aztertzeko aukera ematea, baita soluzio berritzaileen garapena bultzatzea ere, besteak beste, material berrien, kimikaren eta industria prozesuen optimizazioaren arloetan.

FORMAKUNTZA

Profesionalen formakuntza da BasQ estrategiaren beste zutabeetako bat da, eta, pestakuntza eskaintzaren barruan, 'Road to Practitioner' programa nabarmentzen da. Bere helburua da parte hartzaileei Euskadin ezarritako azpiegitura kuantikoa eraginkortasunez erabiltzen hasteko beharrezko ezagutzak eta trebetasunak ematea. Programa horren bidez, 178 lagun prestatu dira; horietatik 121ek azken urtean jaso dute prestakuntza.

Lehen urte honetan, BasQ estrategiak nazioarteko proiekzioa ere indartu du, ekimenak 28 bisita ofizial jaso baititu hainbat herrialdetako erakundeetako, zientzia arloko eta enpresa munduko ordezkarien eskutik. Bisitari horiek Euskadiko sistema kuantikoaren gaitasunak eta garapena bertatik bertara ezagutu nahi izan dituzte.

Era berean, BasQk nazioarteko erreferentziazko sare eta guneetan duen presentziari eutsi dio, besteak beste, IBM Quantum Network, European Quantum Academy eta DigiQ ekimenetan parte hartuz, eta konputazio kuantikoari buruzko nazioarteko hainbat sare eta topaketatan ere arituz.

15/10/2026