Elorrioko Udalak “Estelak” erakusketa aurkeztuko du bihar hasi eta otsailaren 27ra arte Iturri Kultur Etxean, herriko ondarearekin eta sorkuntza artistikoarekin lotura zuzena duen proposamen kultural gisa. Erakusketaren inaugurazioa ostegun honetan izango da arratsaldeko 18:00etan eta astelehenetik ostiralera bisitatu ahal izango da 9:00etatik 20:00etara.
Erakusketak bi motatako estelak biltzen ditu. Alde batetik, azaroan egindako estelen eskultura tailerrean parte hartu zuten ikasleek sortutako lanak erakutsiko dira; tailer hori Argiñetako estelen inspirazioan oinarrituta egin zen, esperientzia handiko eskultoreen gidaritzapean. Bestetik, Eskuahaldunak Eskultoreen Elkarteko artistek sortutako estelak ere ikusgai egongo dira, ikuspegi garaikidetik egindako interpretazio artistikoekin.
“Estelak” erakusketak belaunaldien arteko elkarrizketa eta sormenaren transmisioa azpimarratzen ditu, ikaskuntza-prozesuan sortutako piezak eta ibilbide sendoko eskultoreen lanak espazio berean jarriz. Udaletik azpimarratu dute erakusketak ondarearen interpretazio garaikidea eta sormen kolektiboa uztartzeko balio duela, herritarrentzat irekitako kultur eskaintza aberastuz. . – A. Salterain