Araba

Eskola kiroleko jarduera irekien programaren laugarren edizioa abiatu du Arabako Aldundiak 30 kirol modalitaterekin

Programa 2011 eta 2020 artean jaiotako ikasleei zuzenduta dago
Eskola kiroleko jarduera irekien programaren laugarren edizioa abiatu du Arabako Aldundiak 30 kirol modalitaterekin. / Utzitakoa

Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak Eskola Kiroleko Jarduera Irekien Programaren laugarren edizioa jarri du martxan eta 30 kirol modalitate eskainiko ditu. Arabako kirol federazioekin lankidetzan garatu da programa, eta kirol modalitateen jarduera zehatzak eskaintzen ditu lurraldeko ikasle guztiei irekita, kasuan kasuko modalitateko eskola kirolaren programan inskribatuta egon ala ez.

Foru erakundearen arabera, ekimenaren helburuak dira haurrek kirol diziplina desberdinak ezagutu ahal izatea, ikasturte berean hainbat kirol modalitate egitea eta formatu desberdinetako proposamenetan parte hartzea, izaera lehiakorreko ohiko jardueretatik harago.

"Nahi duguna da eskola kirola aukera bat izatea hainbat kirol modalitate deskubritzeko, ikasteko eta haietaz gozatzeko. Kontua ez da soilik lehiatzea, baizik eta haurrei aukera ematea beste kirol batzuk probatzeko, esperientziak partekatzeko eta beren interesei erantzungo dieten jarduerak aurkitzeko. Programa horri esker, agian ezagutzen ez dituzten diziplinetara hurbildu ahal izango dira, eta kirola egiteko beren aukerak zabaldu", azaldu du Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak.

Bada, 2026-2027ko Jarduera Irekien Programak 30 kirol modalitate izango ditu: atletismoa, badmintona, beisbola, bela boxeoa, eskalada, golfa, halterofilia, hipika, txirrindularitza, areto hockeya, belar hockeya, izotz hockeya, borroka, judoa, mendia, padela, patinajea, izotz gaineko patinajea, parkourra, euskal pilota, piraguismoa, errugbia, squasha, mahai tenisa, tiro olinpikoa, arku tiroa, tranpola, waterpoloa eta xakea.

Eskaintzak bost proposamen mota jasotzen ditu: jolas jaiak, jokoekin eta hastapen jarduerekin; lehiaketa festak, lehiaketa ofizialaz bestelako formatuekin; hastapen ikastaroak, modalitate horretan aritzen ez diren ikasleentzat; lehiaketa irekiak, eskola egutegiko probetan parte hartzeko aukera ematen dietenak kasuan kasuko kirolean izena emanda ez daudenei, eta lehiarik gabeko topaketa irekiak.

HARTZAILEAK

Programa 2011 eta 2020 artean jaiotako ikasleei zuzenduta dago, baina jarduera bakoitzak zehaztuko du zer adinetarako den. Inskribatuta dauden zein ez dauden ikasleek parte hartu ahal izango dute dagokion modalitatean, hastapen ikastaroetan izan ezik, izena eman ez dutenentzat gordeta baitaude.

Jarduerak Arabako kirol federazioek antolatzen dituzte, Arabako Foru Aldundiarekin dituzten eskola kiroleko hitzarmenen esparruan, eta 2026-2027ko programaren aldian egingo dira, hau da, irailaren 7tik 2027ko ekainaren 20ra.

Eskaintza familiei hurbiltzeko, Aldundiak informazio gutun bat bidali die kirol erakundeei, Arabako etxeei helaraz diezaieten. Gainera, jarduerak hileko buletinen bidez zabalduko dira, eta Aldundiaren webgunean kontsultatu ahal izango dira. Bertan, proposamen berriak sartuko dira, eta modalitatearen, adinaren, hilabetearen eta lekuaren arabera iragazi ahal izango dira.

Inskripzioak jarduera bakoitzaren fitxan eskuragarri dagoen formularioaren bidez egingo dira. Proposamenak, oro har, doakoak izango dira edo kostu sinbolikoa izango dute. Ordainketa jardueretan, plazen %10, gutxienez, zaurgarritasun ekonomikoko egoeran dauden ikasleentzat gordeko da. Ikasle horiek doan parte hartu ahal izango dute, edo prezioaren %75era arteko murrizketarekin, gizarte laguntzak (GLL, DSBE eta abar) jaso dituztela egiaztatzen duen ziurtagiri bat aurkeztu ondoren.

16/11/2026