Gipuzkoa

Errenterian sagardoa, eguna alaitzeko errezeta

38. Sagardo Eguna ospatu da hamaika sagardotegien ekoizpenarekin
Errenteriako 38. Sagardo Eguna

Errenteriako Sagardo Egunak 38. edizioa ospatu zuen larunbatean, giro jendetsu eta alaiek lagunduta. Sagardoaren bueltako kultura, ohiturak eta komunitatearen balioa izan dira, beste behin, jardunaldiaren ardatz nagusi, eta Euskal Herriko edari tradizionalak hartu du protagonismo osoa kaleetan zehar. Hamaika sagardotegiek parte hartu zuten.

Sagardoa, sagar-muztio hartzituaren emaitza naturala eta gehigarririk gabea, belaunaldiz belaunaldi transmititutako jakintzaren adierazgarri da, eta horren bueltan antolatutako egitarauak herritarren eta bisitarien parte-hartze zabala erakarri zuen. Goizeko lehen ordutik sumatu zen mugimendua herrian eta kaleak pixkanaka bete ziren.

Eguerdirako minutu batzuk falta zirenean, Ereintzako dantzariek sagarrari eta sagardoari eskainitako dantza bat plazaratu dute Udal Txistulari Taldearen laguntzarekin. Jarraian jardunaldi hasiera emanez, Pilik irrintzi ozen eta luze bat bota zuen.

Orduan, 12.00etan egin zen lehen txotxa Foru plazan, jendetza bildu duen ekitaldian. Une horretan ireki zen ofizialki sagardo denboraldia Errenterian, eta lehen dastaketak egin ziren giro festiboan. Kale animazioa etengabea izan zen: dultzaineroak, trikitilariak, txistulariak, dantzariak, txalapartariak eta bertsolariak aritu ziren, musikaz eta emanaldiz giroa berotzen eta publikoaren parte-hartzea sustatzen.

Arratsaldean txotx handia

Arratsaldean, 18.00etan, Zumardian egin zen bigarren txotxa, eta bertan Euskal Herriko sagardogileen azken uztako sagardoak dastatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek. Produktuaren kalitateak eta eskaintza anitzak harrera ona izan zuten, eta askok nabarmendu zuten sagardoen aniztasuna eta nortasuna.

Horrez gain, egun osoan zehar jan-edanerako postuak egon ziren, tokiko produktuak ardatz hartuta, eta kale giroak etenik gabe jarraitu zuen iluntzera arte. Antolatzaileen arabera, aurtengo edizioak berriro erakutsi du Sagardo Egunak herri izaera sendoa duela, eta tradizioa eta festa uztartzeko gaitasuna mantentzen duela.

Balorazioa positiboa izan da oro har: eguraldiak lagundu zuen, parte-hartzea handia izan zen eta giroak aurreikuspari eutsi zion. Horrela, Errenteriako Sagardo Egunak sendotu egin zuen bere lekua urteko hitzordu esanguratsuen artean, sagardoaren eta kulturaren ospakizun kolektibo gisa.

26/04/2026