Gipuzkoa

Errenterian 'Aitatxo' dokumentala proiektatuko dute ostiralean

Emanaldiaren ondoren pelikulan parte hartu duten hainbat familiekin solasaldia izango da
Anakotz Lasarte dokumentaralen sortzailea eta protagonistetako bat. / Mikel Segato eta Beñat Abasolo

Juneren Hegoak elkarteak, Badalabekin eta Errenteriako Udalarekin elkarlanean, Aitatxo dokumentalaren emanaldia eta ondorengo solasaldia antolatu ditu ostiral honetarako, maiatzaren 22rako, Errenteriako Niessen Kulturgunean. Jarduera euskaraz izango da, eta sarrera doakoa izango da aretoa bete arte.

Aitatxo dokumentalak seme edo alaba baten galeraren ondorengo dolua jorratzen du, lau aiten testigantzen bidez. Protagonistek euren mina, bizipenak eta dolua egiteko eskubidea partekatu nahi izan dituzte ikus-entzunezko honetan. Egileek azaldu dutenez, lanaren helburua da gizartean errotuta dagoen genero ikuspegia haustea eta aitatasunetik bizitako sufrimenduari ahotsa ematea, aldi berean itxaropen mezua zabalduz.

Solasaldia

Emanaldiaren ondoren egingo den solasaldia Urko Askasibarrek gidatuko du, eta dokumentalean parte hartu duten hainbat familiak hartuko dute hitza. Parte-hartzaileen artean izango dira Anakotz Lasarte, Izaskun Andonegi, Mikel Pérez eta Naroa Martínez.

Antolatzaileen arabera, ekimenaren bidez dolu perinatalaren eta haurren galeraren inguruko isiltasuna apurtu nahi dute, esperientzia horiek ikusgarri eginez eta familiei babes sozial handiagoa eskaintzeko beharra azpimarratuz. Gainera, herritarrei gonbita luzatu diete emanaldira bertaratu eta gaiaren inguruko hausnarketa kolektiboan parte hartzera.

Etiquetas
20/05/2026