Araba

Enigma ganbera orkestrak Juan Crisostomo Arriaga omenduko du igandean Gasteizen

Kontzertua igandean izango da, 12:00etan, eta sarrerak Entradium webgunean daude salgai, 7 euroan; 30 urtetik beherako ikasleak eta langabeak doan sartu ahal izago dira
Enigma ganbera orkestrak Juan Crisostomo Arriaga omenduko du igandean Gasteizen. / Utzitakoa

Gasteizko Ganbera Zikloaren bosgarren kontzertua izango da igandean, irailaren 6an, Jesus Guridi Musika Kontserbatorioko areto nagusian, eta Enigma Zaragozako Auditoriumeko Ganbera Orkestrak eskainiko du, Juan Crisostomo Arriagari omenaldia egingo dion programa batekin, musikagile bilbotarraren heriotzaren 200. urteurrena dela eta.

Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez, ikus-entzileak Arriagaren ibilbide labur baina paregabearen bi une nabarmenetara hurbildu ahal izango dira emanaldian. Alde batetik, 1818an Arriagak 12 urte baino ez zituenean idatzitako 'Obertura fa minorrean, op. 1' eskainiko dute eta, bestetik, 1824an konpostatutako 'Sinfonia ren'.

Bi lan horiek nonetorako bertsio berezi batean entzun ahal izango dira. Bertsio horrek orkestraren dimentsioa ganbera formatura eramaten du eta bere egiturak, kontrasteak eta instrumentu aberastasuna ikuspegi berri batetik ezagutzeko aukera ematen du.

Errepertorioa Francis Poulencen 'Tres movimientos perpetuos' eta Jiri Jarosen 'Children Suite' lanekin osatuko da. Horrela, programak garai eta musika lengoaia desberdinen arteko elkarrizketa ezarriko du, Arriagako Erromantizismotik hasi eta XX. mendeko musikaraino, Enigma taldearen ibilbidearekin eta 'Arquitecturas Insólitas' zikloaren 25. edizioaren espirituarekin bat etorriz.

Taldeko bi kide -Victor Parra biolinista eta Carlos Seco biola jotzailea-, Jesus Guridi Musika Kontserbatorioko irakasleak dira, eta horrek programazioaren ildoetako bat indartuko du, hau da, hiriari lotutako talentu musikalari balioa ematea eta ikusgarritasuna ematea.

Parra eta Secorekin batera, Fernando Gomez (flauta), Javier Belda (oboe), Emilio Ferrando (klarinete), Carlos Tarancon (fagot), Abdo Sancho (tronpa), Zsolt Tottzer (biolontxelo) eta Esteve Colomes (kontrabaxua) musikariek osatzen dute taldea.

Kontzertua igandean izango da, 12:00etan, eta sarrerak Entradium webgunean daude salgai, 7 euroan; 30 urtetik beherako ikasleak eta langabeak doan sartu ahal izago dira.

02/09/2026