eibar – Eibarren garaipena ezin da gehiago atzeratu. Jaitsiera postuetan dagoen talde armaginak garaipena behar du Ipuruan Levanteren aurka arrisku-gunetik aldentzeko, azken jardunaldietan nabarmendu den Bryan Gil jokalaria falta arren.
Azken hamabi jardunaldietan lortu ez duten garaipenaren premia gorria dute eibartarrek, azkena urtarrilaren 3an lortu baitzuten, denboraldi honetan Ipuruan lortutako bakarra, Granada 2-0 mendean hartuta.
Levante, berriz, bi porrot jasotzetik dator, baina sailkapenean eroso dago eta ez luke arazorik izan behar mailari eusteko.
Lehen Mailako balantze historikoan valentziarrak nagusi dira hiru garaipen lortuta, Eibar bi aldiz nagusitu da eta sei aldiz berdindu dute euren artean.
Eibarrek premia handiagoa du eta garaipenak taldearen animoa berpiztuko luke, armaginek Lehen Mailan daramatzaten zazpi urtetako boladarik txarrenean murgilduta baitaude.
Jose Luis Mendilibar Eibar taldeko entrenatzaileak Rober Correaren, Pedro Bigasen eta aurrez aipatutako Bryan Gilen bajak izango ditu partida honetarako, azken jokalari hori, inolaz ere, txartelak pilatzeagatik zigortuta zegoen.
Lesionatuta jarraitzen dutenez, ez dira deialdian sartu Edu Expósito, Muto eta Recio ere.
Mendilibarrek hasierako hamaikakoan ipini lezake iragan astean Real Madrilen aurka minutuak jokatu zituen Cote; eta litekeena da zelai erdian Sergio Alvarez eta Aleix Garcia berriro zelairatzea, bere eskeman ohikoagoak diren Diop eta Inuirekin batera. Japoniarrak, aurreko astean titular izandako Pedro Leonen lekua hartuko luke.
Defentsako lerroa da aldaketa gutxien izango duena, ohikoak diren Pozo, Oliveira eta Arbilla hortxe izango baitira, eta agian, Real Madrilen aurka hasieratik jokatu zuen Cote izango dute lagun, Rafa Soares portugaldarraren ordez. Bryan Gilen ordezkoa berriz, Kevin Rodrigues baionarra izan daiteke.
bolada txarrean Levante ez dator bolada onean Ipuruako partidara, Europako postuetatik behin betiko aldendu duten bi porrot jaso ostean; hala eta guztiz ere alde erosoa du jaitsiera postuekiko.
Paco Lopez entrenatzaileak Nikola Vukcevic, Jorge Miramon eta Jose Campaña jokalariak min hartuta ditu, baina Gonzalo Melero berreskuratuko du; azken hau otsailaren 11n Athleticen aurkako Errege Kopako finalerdietako joaneko partidan lesionatu zen eta deialdiko hogeita baten artean dago.
Azken bi partidak galdu ostean, ez litzateke harritzekoa izango entrenatzaile valentziarrak defentsan aldaketak egitea Eibarren aurka.