Emakumeak Zientzian ekimenak hamar edizio bete ditu emakumeen parte-hartzea sustatu eta bokazioak sortzeko lanean. Aurten, arlo anitzetako 34 eragilek sinatu dute lankidetza-hitzarmena beren egoitzetan ekimen desberdinak egiteko eta, guztira, 70 ekintzez osatutako egitaraua antolatu dute.
Marea Gara lelopean, otsailaren 3tik 11ra garatuko da aurtengo edizioa, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren baitan.
Egitarau guztia www.emakumeakzientzian.eus webgunean ikusgai dago, eta bertatik eman daiteke izena horietako edozein ekimenetan parte hartzeko. Edurne Gaston, Elhuyarreko Zientzia Unitateko Koordinatzaile eta Emakumeak Zientzian ekimenaren koordinazio taldeko kideak partekatu dizkigu edizio berezi honen xehetasun guztiak eta hamarkada honen bilakaera.