Basquerville Jaialdiaren seigarren edizioa euskal diseinu, teknologia, sormen eta kulturaren erdigune bihurtuko du Gasteiz urriaren 8tik 10era, eta nazioarteko erreferenteak bilduko ditu Arkabia espazioan, 'Izaera' lelopean, berrikuntza, artea, jasangarritasuna eta lankidetza prozesuak uztartzen jarraitzeko. Basquerville Elkarteak sustatutako jaialdiak Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren, Vital Fundazioaren eta DIGA, EIDE, LABe eta IDarteren babesa izango du.
Antolatzaileek azaldu duenez, "pertsona bakoitzak bere ingurunea behatzeko, interpretatzeko eta harekin harremanak izateko modua du, parekorik ez duena. Izaerak gure nortasunaz hitz egiten du, definitzen gaituenaz, eragiten digunaz eta alboan dugunaz".
Horrela, 2026ko edizioak diseinuaren giza alderdian jarriko du arreta zuzenean: proiektu bakoitzaren atzean dauden pertsonengan, haien izateko, pentsatzeko eta sortzeko moduak egiten duten guztian aztarna nahastezina nola uzten duen aztertuz.
Gasteizen izango diren nazioarteko gonbidatuen artean, Miguel Chevalier (Frantzia) arte digitalaren aitzindaria nabarmentzen da, Arkabian bertan ikusgai dagoen 'Digital Floralia' murgiltze erakusketa handiaren baitan.
Hizlarien nazioarteko kartela osatuko duten beste izen eta estudio batzuk dira Bürocratik agentzia (Portugal), Soyun Park (Hego Korea/Herbehereak), Alec Vivier-Reynaud, Rifke Sadleir creative coding-ean aditua (Erresuma Batua) Gab Bois artista bisuala (Kanada).
Era berean, diseinu eta teknologia bateratzen dituen euskal ekimena den heinean, Basquerville Jaialdiaren "funtsezko misioa" euskal talentuari balioa ematea da, abangoardia globalarekin zuzen-zuzenean hitz egiteko aukera emanda.
Horregatik, nazioarteko taldeari sormenaren gaurkotasunean buru-belarri dabiltzan euskal (eta estatuko) sortzaileen talde sendoa gehituko zaio, besteak beste, Izaskun Urkijo arte zinematografikoko zuzendaria eta lehen mailako diziplina anitzeko estudioak eta artistak, hala nola Hiruki, Xerra estudioa, Arrate, Marc & Marina, Tunipanea soinu estudioa eta Gina Guasch.
TALENTU GAZTEA
Ingurunearekiko konpromisoaa belaunaldi berriei emandako laguntzan ere ikusiko da. Horrela, jaialdiaren atariko gisa, urriaren 7an, 'Portfolio Eguna' egingo da. DIGA eta EIDE elkarteek antolatutako jarduera da, diseinuko ikasle eta gazte profesionalei zuzenduta. Beren lana partekatzeko, ikuspuntu desberdinak ezagutzeko eta sektorera bete betean hurbiltzeko pentsatutako espazioa da.
10 eta 15 minutu arteko topaketa azkarren bidez (hainbat diziplinatako profesionalekin), parte hartzaileek beren portfolioa edo proiektua berrikusi, zalantzak argitu eta orientazio pertsonalizatua jaso ahal izango dute.
Ekimenak urriaren 8an jarraituko du 'Harroby' euskal harrobiari eskainitako gunearekin. 'Harroby' diseinuaren arloko etorkizun handiko emakume gazteentzat erakusleiho handi gisa finkatu da, eta Elixabet Botanz, Saioa Villa, Mikel G. Ardanaz, Maria López de Subijana eta Asier Aguayok "euskal diseinuaren etorkizuna jada orainaldi zirraragarria dela erakutsiko dute".