Larunbatean, 18.30ean, boxeo jaialdia egingo dute Zumarragako Beloki pilotalekuan. Hamar konbate egingo dituzte. Jaialdian parte hartuko dutenen artean Erlantz Tejada profesional bizkaitarra eta Gabriel Moreno eta Ekaitz Jaunarena amateur zumarragarrak daude.
Tejada Fernando Ermes italiarraren aurka borrokatuko da, lau roundetara. Zortzi roundeko konbate bat ere egingo dute: Yazid Ezzaidani (Burgos) Eduardo Martinezekin (Venezuela) lehiatuko da. Bi zumarragarrei dagokienez, Nafarroako Iparbox klubeko bi boxeolariren aurka neurtuko dituzte indarrak.
Sarrerak dagoeneko salgai daude, Zumarragako Urzubi tabernan eta Urretxuko Aitube Berri eta Aldapa tabernetan. Sarrera merkeenek 15 euro balio dute. Egunean bertan ere salduko dituzte, Beloki pilotalekuan.
Boxeo jaialdia asteartean aurkeztu zuten, Zumarragako kultur etxean. Ekitaldian Mikel Serrano alkateak eta jaialdia antolatu duen Euskoboxeko Javier Ganboak parte hartu zuten.
Serranok boxeoak Zumarragan ez duela tradizio handirik gogoratu zuen. “Kirol hau sustatzeko eta bere irudia garbitzeko antolatu dugu larunbateko jaialdia. Izan ere, Zumarragako Eraztunbox klubean gazte dezente dituzte eta boxeoa balioak transmititzeko oso egokia da”.
Aitor Abel Eraztunbox klubaren sortzailearen lana goraipatu zuen. “Udalaren atea jo zuen eta Kirol teknikaria eta biok berarekin elkartu ginen. Belokiko pilotaleku txikian entrenatzen dute gehienetan, baina boxeoa kalera ateratzen saiatzen dira: azokan, Zelai Ariztiko karpan, La Salle-Legazpi ikastetxean... ikusi ditugu”.
Zumarragako Udalak kirol maioritarioak zein minoritarioak babesten dituela gogoratu zuen. “Une gozoa bizi dugu: joan zen igandean Urolako Trena Maratoia egin zen eta igande honetan UZ Trail egingo dute eta futbolak, pilotak, saskibaloiak eta eskubaloiak indar handia dute. Horretaz gain, herrira heldu berri diren kirolak babestu eta sustatu nahi ditugu: cricketa eta boxeoa, esaterako. Zumarragak beti babestu ditu kirol minoritarioak. Jiu jitsuari, adibidez, aspaldi eman genion babesa. Helburua herritarrek kirola egitea da eta horretarako ahalik eta kirol gehien eskaini behar dira”.
Ganboak Udalari eskerrak eman zizkion. “Erakundeen babesik gabe, ez dugu zereginik. Izan ere, boxeoa kirol txikia da oraindik. Eraztunboxi ere eskerrak eman nahi dizkiot, Zumarragan egiten duen lanagatik”.
Berak ere boxeoak balioak lantzeko balio duela aipatu zuen. “Zortzi roundeko konbatean parte hartuko duen Yazid Ezzaidani Burgoseko langile auzo batera iritsi zen eta boxeoari esker bizitzan aurrera egitea lortu du. Horretarako, Saltando Charcos integrazio proiektuaren babesa jaso zuen. Egun, boxeolari profesionala da”.
Ikusleak Larunbateko jaialdiak jende asko erakarriko duela gehitu zuen. “Tejada Estatu espainiarreko debutari onena izan da 2025ean. Jende asko etorriko da Bilbotik bera ikustera. Burgosetik ere jendea etorriko da. Horiek guztiek dirua gastatuko dute Zumarragan. Bestalde, larunbateko jaialdia Moreno eta Jaunarenarentzat ere garrantzitsua da, hobetzeko balioko baitie. Jende guztia jaialdiaz gozatzera animatu nahi dut”, amaitu zuen.